BIHARtik begira gaurko Hezkuntza Lege proposamenari
2022-11-23EAEko Hezkuntza Lege berrirako zirriborroa ezagutu dugu ikasturte hasiera honetan eta Ikastolen Elkarteak aste honetan bertan eman dio erantzun bateratua gaiari. Horrela, hainbat zehaztapen egin dizkio lege proposamenari, bai, baina era berean “begirada orokorrago batetik”, Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzeko hainbat gidalerro aurkeztu ditu. Hain zuzen, BIHAR gogoeta prozesuan mamitu dira horietako batzuk. Gure Ikastolan ere jardun dugu azken hilabeteotan BIHAR prozesuan baitan hausnarketan, eta lan horrekin jarraitu nahi dugu datozen asteetarako antolatu ditugun kafe-tertulietan.
Administrazio desberdinen hezkuntza legea berritzeko edo eraldatzeko proposamen bakoitzak lurrikara txiki bat dakar hezkuntza-mundura eta eskoletara, eta ez da gutxiago izaten ari Eusko Jaurlaritzak EAEko Hezkuntza Lege berria eratzeko eskuartean duen prozesua ere. Udaberriarekin ezagutu genuen hainbat alderdi politikok sinaturiko agiria, Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarrien Akordioa delakoaren zirriborroa, eta ikastolok osatzen dugun sareak begi onez hartu bazituen ere bertan zehazturiko hainbat puntu (hizkuntza-komunikaziorako gaitasun-mailak ezartzea, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera…), era berean kezkaz eta arduraz ikusi genuen dokumentu horren zehaztapen falta.
Gauzak horrela, gure Ikastolan, Ikasberrin, beste hainbat Ikastolatan bezala, lege berria sortzeko testuinguruan beharrezkoa ikusi genuen hausnartzea, gogoeta egitea eta ikuspegi kritiko eraikitzaile eta bateratua sortzea. Bide hori egiteko, gainera, bagenuen ibilbide-orria ere: BIHAR gogoeta-prozesua. 2021ean jarri zuen martxan hori Ikastolen Elkarteak, Euskal Hezkuntza Sistemak izan behar dituen ezaugarrien, balioen eta funtzioen inguruan hausnartzeko, honako helburuarekin: Ikastolentzat hurrengo 10 urteetarako ikuspegia zehaztea, VII. Batzarrarekin amaituko dena.
Orain arte egindako ibilbidean Endekalogoa utzi digu BIHAR prozesuak: bertan Euskal Hezkuntza Sistemak izan beharreko oinarrizko printzipioen, hezkuntzak landu beharreko baloreen eta izan beharreko antolamenduaren inguruko hainbat proposamen egiten dira. Hain zuzen ere, Endekalogo horren inguruko galdeketa bete genuen Ikasberri osatzen dugun familiek eta langileek maiatzean eta ekainean zehar, eta taldeetan hausnartzeko aukera ere izan genuen. Gurean bezala, beste hainbat Ikastoletan eta, noski, Ikastolen Elkartean bertan eztabaida-prozesuak izan dira martxan, eta Ikastolek osatzen dugun komunitateak geure ekarpenak egiteko aukera izan dugu.
Lehen urrats horiek egiten hasi orduko, ikasturte berriarekin ezagutu dugu Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa eta, udaberrian aurreikusi bezala, akordioko zehaztapen falta hark atea ireki die hainbat kezkari eta desadostasuni. Beraz, Hezkuntza Lege definitiboa onartu aurretik, lehen zirriborro horren testuinguruan Ikastoletatik ekarpenak egiten jarraitzea dagokigu, ikuspegi kritiko eta eraikitzaile batetik, Hezkuntza Lege berriak izan behar duen horretan eragiteko.
Horrela, Ikastolen Elkarteak aste honetan egindako agerraldian azaldu bezala, begirada orokor batetik eta BIHAR prozesuak eskaintzen digun markotik jarraituko dugu lanean datozen asteetan ere. Gauzak horrela, kafe-tertulia saioak antolatzea erabaki dugu Ikastolan, Endekalogoak jasoriko puntuen inguruan gogoeta egiteko eta guztion iritziak ezagutzeko.
Zehazki hiru saio antolatu ditugu: lehenengoa, Euskal Hezkuntza Sistemak izan beharreko oinarrizko printzipioen ingurukoa izango da (Unibertsala, Euskara eta euskal kultura ardatz dituena eta Euskal Curriculumetik eraikia). Bigarrengo saioa hezkuntzan landu beharreko baloreen ingurukoa izango da (Hezkidetza, Laikotasuna, Ikasleen ezaugarriak, Inklusiboa); eta hirugarren saioa, azkenik, hezkuntzak izan beharreko antolaketaren ingurukoa. Beraz, saio horietan Ikastolako komunitatea osatzen dugun guztiok aukera izango dugu kezkak partekatzeko, informazio trukatzeko eta guztion artean jarrera kritikoa eta eraikitzailea osatzeko. Izan ere, testuinguruak guztion gogoeta eta indar biltzea eskatzen duelakoan gaude.
Gogoratu lehen kafe-tertulia datorren astelehenean izango dela, azaroaren 28an, 19:00etan, Ikastolako 3. Solairuko erabilera anitzeko gelan.
Izen-ematea: Lotura honetan eman dezakezu. Aurrez landu beharreko dokumentazioa bidaliko zaizue posta elektronikoz.
Esteka honetan irakurri dezakezu aste honetan Ikastolen Elkarteak argitaraturiko agiria: https://ikastola.eus/berriak/53751
Artezkaritza Kontseilua