DBH2ko ikasleak Dapa saioan
2022-04-07DBH2ko gure ikasleak Dapa proiektuak eskainitako ikus-entzunezko hiru pieza izan dira ikusten Soreasu antzokian.
Kulturaz Kooperatiba Azpeitiko Kultur Mahaiak sortutako enpresa egitura da. Herriari gure kulturan egiten diren hainbat motatako lanak eskaintzeko asmoz sortu zen, eta, hortik ateratako irabaziekin, euskal kultura bera sustatzen du. Ondoren, euskal kulturari eta kultur sortzaileei ikusgarritasuna eta hedapena emango dien ikus-entzunezko saio-bilduma osatzeko beharretik sortu zen Dapa ekimena, Kulturazek ekoitzita. Euskaratik eta euskaraz egin, eta Azpeititik Euskal Herrira begirako ikuspuntutik garatutako proiektua da. Azken bi urteetan 29 ikus-entzuneko pieza sortu dituzte.
Ikaslolak gure kulturarekin duen konpromezua dela eta, DBH2ko ikasleak 29 lan horietatik hiru ikusi dituzte gaur Soreasu antzokian. Lehenik, “Basolatik berri onik ez” nobela grafikoa ikusi dute. Ondoren, “Julen Palacios”, eta, bertan, egin dituen dokumentalen inguruko azalpenak eta esperientziak kontatzen ditu. Azkenik, azpeitiar baten lana :”Xanti Agirrezabala”. Pieza horretan ere Xantiren orain arteko ibilbidearen eta Satiro bere antzezlanaren inguruko kontakizunak jasotzen dira.