Denona izan dadin, etorri euskarara!
2025-10-16
Azpeitiko Ikastolan martxan jarri da “Etorri euskarara!” egitasmoa, helburu argi eta estrategiko batekin: euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikasteko aukera izatea, beren seme-alaben ikastolan bertan, eta eskola-orduetan.


Egitasmoaren oinarrian dago gurasoen beharretara egokitutako metodologia. Udal Euskaltegiaren eskutik, ikastaro hauek ziurtagirietatik harago doaz, eta hiru helburu nagusi dituzte:
- Gurasoek seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak eskuratzea.
- Gurasoen arteko harremanetan oinarrizko euskara ezagutzea.
- Euskara lehenesteko estrategiak garatzea, eguneroko bizitzako komunikazio-egoerak euskaraz bizitzeko.
Egitasmo hau estrategikotzat jo dugu, izan ere, euskarara hurbiltzeko aukera eskaintzen du testuinguru akademikotik harago, eguneroko zereginetan eta bizitzan euskaraz aritzeko tresnak emanez.
Ikastaroak doakoak izango dira, eta UEMAko udalen babesarekin finantzatuko dira. “Etorri Euskarara!” programaren sustapena Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan proiektuaren baitan kokatzen da. Izan ere, 2023tik aurrera, ikastolarentzat kulturartekotasunaren proiektua estrategikoa bilakatu da.
Euskara izango bada, denona izango dela argi daukagu. Horregatik, ikastolak irmoki jarraitzen du lanean Azpeitia euskararen arnasgune izaten jarrai dezan.
Ikastolako kide guztion partez, bihotz-bihotzez eskerrik beroenak Ana, Jadra, Nabila, Sahid, Coria, Fatima, Souad, Stiven, Natalia, Cecilia, Luis, Dante eta Kaoutar-i. Zuen parte-hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak dira proiektu hau aurrera eramateko. Zuen ondoan izango gaituzue bidelagun!
Animo ikastaroarekin eta… etorri euskarara!