Elkarrekin egindako bidean, 50 urteko taupada

2026-10-06

Igandean, Lazkaoko kaleak euskarazko hezkuntzaren, ilusioaren eta elkartasunaren taupadaz bete ziren. Kilometroak-en 50. edizioak ikastolen arteko batasuna eta etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko konpromisoa jarri zituen erdigunean. Gure ikastolatik ere izan ginen bertan: DBH 3ko ikasleek Erronkan parte hartu zuten, beren energia eta alaitasuna lau haizetara zabalduz, eta Maitane Etxeberriak gure komunitatearen ordezkaritza eraman zuen Lazkaora. Egunak erakutsi zigun, beste behin, bidea elkarrekin egiten dugunean urrunago iristen garela.

Igandean, Gipuzkoako ikastolen jai handiak, Kilometroek, 50. edizioa ospatu zuen Lazkaon, eta gure ikastolako kideok ere bertan izan ginen, egun berezi honetako protagonista eta partaide gisa.

Alde batetik, DBH 3. mailako ikasleek Erronkan parte hartu zuten, eta euren ilusioa, alaitasuna eta energia Lazkaoko txoko guztietara zabaldu zituzten. Egun osoan zehar erakutsitako konpromisoa eta egindako ahalegina txalotzeko modukoa izan zen. Zorionak eta eskerrik asko, zuen esfortzuagatik eta gure ikastolaren izenean hain ederki aritzeagatik!

Bestalde, Kilometroen 50. edizio honek esanahi berezia izan zuen Gipuzkoako ikastolentzat. Ikastolok batasun irudia erakutsi nahi izan genuen, aurrean ditugun erronkei elkarrekin eta modu bateratuan erantzuteko dugun borondate irmoa aldarrikatuz.

Izan ere, Euskal Herri osoan saretuta dagoen hezkuntza sare bakarra gara, eta euskal hizkuntzaren eta kulturaren alde lanean eta borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi genuen Lazkaon. Elkarrekin, gure hizkuntza, kultura eta hezkuntza-eredua indartzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko aldarria izan zen egunaren ardatzetako bat.

Gure ikastolako komunitatearen ordezkari gisa, Haur Hezkuntzako zuzendaria Maitane Etxeberria izan zen Lazkaon.

Beraz, eskerrik asko egun hau posible egin duzuen guztioi eta, bereziki, gure DBH 3ko ikasleei, erakutsitako ilusio eta konpromisoagatik. Kilometroak jaiak argi utzi digu elkarrekin indartsuagoak garela eta euskarazko hezkuntzaren aldeko bidea elkarlanean egiten jarraituko dugula.