Elkarrekin hazten, elkarri laguntzen
2026-05-13
Gure ikastolan, hezkuntza etapa desberdinen arteko trantsizioak modu naturalean, gertukoan eta zainduan bizitzea funtsezkoa da. Aurrekoan LH 6. eta DBH 1. mailako ikasleen artean egindako topaketari jarraipena emanez, oraingoan HH5eko ikasleak LH1eko ikasleekin elkartu dira. Horrela, ikasleak beraiek bihurtu dira hurrengo etapara begirako gidari eta erreferente.





Topaketa honen bidez, HH5eko haurrek datorren ikasturtean ezagutuko duten etapa gertutik bizitzeko aukera izan dute: espazioak ezagutu, eguneroko dinamikak partekatu eta LH1eko ikasleekin harremanak sendotuz. Aldi berean, LH1eko ikasleek ere protagonismo berezia hartu dute, txikienei laguntza eta gertutasuna eskainiz.
Gure ikastolaren berezitasun nagusietako bat 0 urtetik 18 urtera arteko hezkuntza-ibilbidea espazio berean eta proiektu pedagogiko koherente baten baitan garatzea da. Horrek aukera ematen du ikasleen garapen jarraia modu integralean lantzeko eta trantsizioak modu goxo eta seguruan zaintzeko.
Gainera, bai Kimu eta bai Lore proiektuetan adin desberdinetako haurren arteko interakzioa sustatzen da. Izan ere, haurrek imitazioaren eta elkarrekiko harremanen bidez asko ikasten dute, eta elkargune hauek ikaskuntza horiek modu naturalean emateko aukera paregabea dira.
Bi etapetan, gainera, ikasleen behar eta garapen erritmoetara egokitutako espazio eta denborak eskaintzen dira. Haurra bere burua eta ingurua ezagutzen ari den garai honetan, beren garapenari egokitutako eta aurrera egiteko erronka ezberdinak eskaintzen dituzten espazio eta material anitzak jartzen ditugu haien eskura.
Horrelako esperientzien bidez, ikasleen ongizatea, konfiantza eta etapa batetik bestera egiten duten bidea modu positiboan bizitzea indartzen jarraitzen dugu.