Erle beltzaren erresuman barrena

2026-06-02

Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek Bedaion bisita egin dute, Balerdi mendiaren altzoan kokatzen den Balerdipeko erlezaintza proiektua gertutik ezagutzeko. Naturarekin eta ingurumenarekin lotutako ikaskuntza-esperientzia aberasgarria izan da, ikasleek erleen munduan murgiltzeko eta haien garrantzia hobeto ulertzeko aukera izan baitute.

Balerdipeko proiektua Mattinek jarri zuen martxan 2019an, erle beltzaren bizitza eta ezaugarriak sakonago ezagutzeko helburuarekin. Bere jakin-minak Inaxioren interesa ere piztu zuen, eta ordutik, eztia ekoiztetik haratago doan erlezaintza ereduan dihardute biak. Haien lanaren ardatza Euskal Herriko erle autoktonoa den erle beltzaren zaintza, ezagutza eta dibulgazioa dira.

Bisitan zehar, ikasleek erleek naturan eta gure eguneroko bizitzan duten funtsezko zeregina ezagutu zuten. Polinizazioaren bidez biodibertsitatea eta elikadura-sistema sostengatzen laguntzen dutela ikasi zuten, baina baita ere erlezaintzak kulturan, gastronomian, paisaian, kosmetikan eta osasungintzan duen eragina.

Era berean, erleen bizimodua, antolaketa eta ingurunearekin duten harremana ezagutzeko aukera izan zuten. Jardunaldiak ikasleen jakin-mina piztu zuen, eta erleen existentziak eta jakintzak gizarteari zein naturari egiten dizkion ekarpen ugariez jabetu ziren.

Bisitan bizitako guztia jasotzeko, ikasleek esperientziaren inguruko bideo bat ere ekoitzi dute (ikusi hemen). Ikasitakoa eta bizitakoa modu sortzaile batean bildu dituzte ikus-entzunezko honetan, erleen mundua eta Balerdipekon jasotako ezagutza komunitatearekin partekatzeko asmoz.

Ikastolan garatzen den Lore Proiektuaren baitan, ikasleek naturarekin harreman zuzena izateko eta ingurunea ezagutzeko hainbat jarduera egiten dituzte. Bisita hau proiektu horren osagarri ezin hobea izan da, ikasgelatik kanpo ere ikaskuntza esanguratsuak eta bizipen aberasgarriak lor daitezkeela erakutsiz.

Eskerrik beroenak Balerdipekoko kideei, ikasleei eskainitako harreragatik eta partekatutako ezagutza guztiagatik. Bisita ahaztezina izan da gure ikasleentzat, eta orain, sortutako bideoari esker, bizitako esperientzia hori besteekin partekatzeko aukera ere izango dute.