Erronketan hegan: ikasleen eskutik sortutako bidea
2025-11-26
Gure ikastolak berrikuntza pedagogikoarekiko konpromisoa berretsi du beste behin ere, ikasleak beren ikaskuntza prozesuaren protagonista bihurtzen dituzten diziplinarteko proiektuen bidez. Lehen ebaluazio honetan, DBHko ikasleek sormena, ekimena eta talde-lana uztartu dituzte egitasmo praktiko eta esanguratsuetan, eguneroko errealitatearekin lotura zuzena duten erronkei aurre eginez.















Diziplinarteko proiektuen helburua argia da: ikasle autonomoak, ekintzaileak eta taldean lan egiteko gai diren gazteak heztea, inguruko errealitatearekin konektatutako erronkei aurre egin diezaieten.
DBH 1: Eguzki sistema eta abenturen diseinua
Lehen ebaluazio honetan, DBH 1. mailako ikasleek eguzki sistemaren erreplika xehea eraiki dute, zientzia eta sormena uztartuz. Proiektu horrez gain, telebistan abentura programa bat ekoizteko lehen pausoak eman dituzte: lekua hautatu eta parte-hartzaileen profila zehaztu dituzte, komunikazio gaitasunak eta antolaketa trebetasunak lantzeko aukera paregabea izanik.
DBH 2: Neguko solstizioa munduan zehar eta musika tresna baten eraikuntza
DBH 2ko ikasleek neguko solstizioaren inguruko ikerketa landu dute, munduko hainbat herrialdetan ospakizun honek duen esanahia horma-irudi batean irudikatuz. Bestalde, sormena eta trebetasun teknikoak uztartuz, mandolina bat ere eraiki dute, musika eta teknologia uztartzen dituen proiektu praktikoan murgilduz.
DBH 3: Liburutegiaren berrikuntza ikuspegi sozial batekin
Hirugarren mailan, ikasleek ikastolako liburutegia berritzeko asmoz lau liburu hautatu dituzte taldeka. Hautaketa prozesuan, gaur egun gizartean oraindik ere presente dauden gaiak hizpide dituzten lanak bilatu dituzte: injustizia sozialak, diskriminazioa, berdintasunaren aldeko borrokak, eta naturaren eta gizakiaren arteko gatazkak. Irakurketan oinarritutako gizarte-kontzientzia lantzeko urrats garrantzitsua izan da.
DBH 4: Ikastolako eskailerak berritzeko proposamena
DBH 4ko ikasleek ikastolako kanpoko aldamenetako eskailerak aztertu dituzte, herdoildu eta aldatu beharko direla aurreikusi delako. Zuzendaritzaren eskaerari erantzunez, ikerketa sakona egin dute eta eskailerak berritzeko proposamen zehatza garatu dute, ingeniaritza, segurtasuna eta ekonomiaren ikuspegiak kontuan hartuta.
Ikastolak, horrela, berriz ere agerian utzi du elkarlana, ikerketa eta sormena uztartzen dituzten proiektuen bitartez ikasleen garapen integrala bultzatzeko konpromisoa. Berrikuntza pedagogikoa ardatz gisa hartuta, ikasleak egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egon daitezen nahi dugu.