Eskualdea ezagutuz, bidea elkarrekin eraikiz
2026-05-20
Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren baitan, ikastolako DBH 3. mailako ikasleek eskualdeko errealitate sozioekonomikoa gertutik ezagutzeko aukera izan dute azken asteotan. Egitasmoaren helburua gazteak inguruko errealitatera hurbiltzea eta, aldi berean, ikaskuntza modu berritzaileak sustatzea da.


Proiektuari esker, ikasleek hainbat gaitasun eta balio landu dituzte, hala nola autonomia, talde-lana, sormena, komunikazioa eta konpetentzia digitalak. Horretarako, eskualdeko eragile ezberdinekin harreman zuzena izan dute elkarrizketa gidatuen bidez. Saio horietan, ikasleek beren zalantzak eta galderak planteatu dituzte, eta jasotako informazioa taldean landu dute ondorengo lanketa prestatzeko.
Egindako lanaren emaitza gisa, ikasleek azken aurkezpena egin zuten joan den astean udaleko ordezkarien aurrean. Dinamika horretan, prozesuan zehar ikasitakoa eta ateratako ondorioak partekatu zituzten.
Ikastolatik azpimarratu nahi dugu ekimen honen bidez ikasle ekintzaileak hezi nahi ditugula, ingurunearekiko interesa, ekimena eta gizartearekiko konpromisoa sustatuz.