Esne Bidea, jakin-minaren bidelagun
2025-06-12
Azken asteotan, Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek Unibertsoaren inguruko proiektu integrala landu dute, eta Esne Bidea izan da ikerketaren ardatza. Proiektu honek hainbat diziplina uztartu ditu eta ikasleen parte-hartze aktiboa eta sormena sustatu ditu une oro.









Proiektuaren abiapuntua NASAko langileek ikasleei bidalitako gutun bat izan zen. Gutun horretan, ikasleak unibertsoari buruzko ikerketa interesgarri bat egitera animatzen zituzten. Horrekin batera, zeruaren behaketa prozesuari ekin zioten, bai egunez eta bai gauez, zeruan ikus daitezkeen gorputz astronomikoak identifikatzen saiatuz.
Ikusitakoa eta ikasitakoa hobeto ulertzeko, ikasleek Vincent Van Goghen “Gau Izartsua” margolana aztertu zuten, eta margolariaren sormen prozesua eta ikuspegi artistikoa lotu zituzten zeruaren interpretazioarekin. Horrela, artea eta zientzia uztartu zituzten modu naturalean.
Ondoren, ikasleek planeta bakoitzaren eta sateliteen ezaugarriak ikertu zituzten, eta informazio hori guztia ikerlari koadernoetan jaso zuten. Taldeka lan eginez, ezagutza antolatu eta sakondu zuten.
Proiektuaren amaierako erronka modura, LH 2. mailako ikasleek LH 1. mailako ikaskideei beraiek ikasitakoa azaldu zieten. Horrela, adin desberdinetako ikasleen arteko elkarlana sustatu zen, eta aldi berean, ikasleek ikasitakoa beste bati azaltzean kontzeptuak barneratuta dituztela frogatu zuten.
Ikasleek gustura eta motibatuta parte hartu dute proiektuan, eta emaitzek agerian uzten dute ikaskuntza esanguratsua izan dela: zientziarekiko jakin-mina piztu dute, sormena landu eta talde-lanean sakondu dute.