Etorkizunari begira lehen urratsak ematen

2026-01-29

Etorkizuna ez da bat-batean erabakitzen: galderen, esperientzien eta aukeren bidez eraikitzen da. Ikasleek beraien bidea ezagutzen eta irudikatzen hasteko asmoz, ikastolan orientazioa ardatz duten hainbat ekimen jarri dira martxan Orientazio departamentuaren eskutik. Proiektu hauen bidez, ikasleak prozesuaren erdigunean jarriz, lan-munduaren eta formakuntza aukeren inguruko lehen hurbilketak egiten hasi dira.

Ikastolan ikasleen orientazioa gure hezkuntza proiektuaren erdigunean kokatzen da, eta ildo horretan, azken asteotan hainbat ekimen jarri dira martxan DBHko ikasleen etorkizuneko hautuak lantzeko asmoz.

Orientazio departamentuak sustatuta, Iraurgi Berritzeneko kideak ikastolan izan dira DBH-4ko lanbide heziketan interesa duten ikasleekin saio bat burutzeko. Saio hori Gerolan izeneko proiektuaren lehen abiapuntua izan da. Proiektu honek hainbat atal izango ditu, eta ikasleei lanbide heziketaren inguruko informazioa ez ezik, esperientzia zuzenak bizitzeko aukera ere eskainiko die.

Hurrengo asteetan, DBH-4ko ikasleek Izarraitz Lanbide Heziketako zentroa bisitatuko dute, eta ondoren, beste hainbat bisita ere aurreikusita daude, hala nola Mendaroko ospitalera eta eskualdeko hainbat enpresatara. Helburua, ikasleek lan-munduaren eta formakuntza ibilbideen inguruko ikuspegi erreal eta gertukoa izatea da.

Bestalde, DBH-3ko orientazio plangintzari ere hasiera eman zaio. Aurreko astean, Iraurgi Berritzenekoen eskutik, sensibilizazio saio bat burutu zen, eta ordutik ikasleak jada erronkei aurre egiten hasi dira. Proiektu honen muina ikasleak beraiek prozesuaren protagonista bihurtzea da, hainbat kasu praktikoen inguruan lanketa eginez eta hausnarketa sustatuz.

Proiektuaren amaieran, DBH-3ko ikasleek ere hainbat enpresa eta zerbitzu eskaintzen dituzten lekuak bisitatzeko aukera izango dute, ikasitakoa errealitatearekin lotuz.

Ekimen hauen bidez, ikastolak berretsi egiten du ikasleen orientazioarekiko duen konpromisoa, etorkizuneko erabakiak hartzerakoan informazioa, laguntza eta gidaritza eskainiz, ikasle bakoitzaren interesak eta gaitasunak kontuan hartuta.