Garraioko zaintzaileei elkarrizketa
Aspalditik dugu ikastolan garraio zerbitzua, izan ere, garbi daukagu abantailak besterik ez dizkigula ekartzen guztioi. Gurasoentzako erosoagoa izateaz gain, umeei autonomia garatzen laguntzen diogu. Horrez gain, auto gutxiago erabiltzen direnez, naturari ere kutsadura gutxiago isurtzen diogu.
Hainbat urte daramate Begoñak eta Mª Pazek garraio zerbitzuko zaintzaileak izaten; Aroa, berriz, ikasturte honetan hasi da, aurten zabaldu baitugu garraio zerbitzua, Azkoitirako aukera ere jarriz. Beraien lana, esperientziak eta bizipenak kontatzeko prest agertu dira.
Zein da zuen lana?
Goizean ikastolara ekartzeko lana izaten da errazena. Lineako autobusa geltoki bakoitzean pasatzen ari den heinean, bertan dauden haurrak hartu eta ikastolaraino laguntzen diegu. LH 1etik gorakoak bakarrik joaten dira klasera, hortik beherakoak berriz, geuk ematen ditugu gelara irakaslearenganaino.
Itzulerakoa izaten da pixka bat konplikatuagoa, arreta berezia jarri behar izate baitugu, egunero ez dira berdinak izaten eta; batzuk jangelan geratzen dira edota gurasoak etorri izan dira berauen bila. Haurrak jaitsi behar duten geltokietan egoten dira gurasoak, baina ez dagoen kasuan, geurekin ematen ditugu berriro ere ikastolara, eta familiarrekin jartzen gara harremanetan.
Zer da gehien gustatzen zaizuena?
Umeekin ibiltzea argi eta garbi. Oso aberasgarri da guretzat eta gaztetu egiten gaituzte. Ume bakoitza ezberdina da, baina konfiantza hartzen dutenean oso gozoak dira.
Aroa, zu aurtengo kurtsoan hasi zara; zerk animatu zintuen Azkoitiko garraioko zaintzaile izatera?
Lehen esan dugun bezala, niri ere umeak asko gustatzen zaizkit, eta, horrez gain, alaba ere ekarri behar izaten nuen Azkoititik, beraz, aprobetxatu egiten dut. Umeak eta alaba, denak batera.
Erraz moldatzen dira umeak autobusean (Mugi txartela dela eta)?
Oso ondo moldatzen dira, bereziki txikienak. Beraien Mugi txartela ateratzen dute, pasatu, eseri eta gerrikoa lotu. Harrituta gelditzen dira autobuseko gainontzeko bidaiariak umeen zintzotasunarekin. Behin 12 urtetik aurrera, bihurritzen haste dira eta lasaiago hartzen dute, baina dena ondo hala ere.
Anekdotarik?
Asko bizi izan ditugu, baina bada bat duela gutxikoa. 3 urteko ume bat beste bidaiari baten ondoan eseri zen, eta eseri orduko ondokoari hauxe esan zion: “Lotu ezazu gerrikoa”. Oso barneratuta dute eseri eta lotuta joan behar dutela, eta lotu gabe ikusten badute norbait, guri abisatzen digute; salatariak dira gero. Edonoren ondoa esertzen dira, eta ez dute inongo arazorik ondokoarekin hitz egiteko, ez eta gidariarekin ere.
Zerbait hobetuko zenukete etorkizunera begira?
Orain artekoarekin oso gustura gaude, eta, bereziki, autobus gidarien lana eskertu nahiko genuke. Umeekin oso tratu ona dute, eta zerbait ahaztu zaigun momentuetan (motxilaren bat edo) berehala deitzen digute. Beti jarrera ona izaten dute gurekin eta umeekin. Oso-oso gutxitan, geltokiren batean gelditzea ahaztu izan zaie, baina deituz gero, segituan etortzen dira berriro gure bila.
Zer esango zeniokete jendeari?
Animatzeko, giro oso ederra izaten dugu eta. Orain garraio publikoa erabiltzen dugu, beraz, merkeagoa da, dena Mugi txartelarekin. Mugi, gainera, 6 urtetik beherakoena doanik da. Gazteak izateagatik deskontuak dituzte txartelarekin, eta familia ugaria izanez gero, oraindik eta deskontu handiagoak. Denak abantailak dira.