Gorputza mugitu, barrua hazi!

2025-05-14

Batxilergoko ikasleek beren ibilbide akademikoko azken Gorputz Hezkuntzako saioak bizitzen ari dira egunotan.

Ikastolatik nabarmendu nahi dugu urte hauetan guztietan kirolak izan duen eragin aberasgarria ikasleengan. Izan ere, jarduera fisikoaren bidez garapen integrala sustatu da: gorputza eta burua orekan.

Azken asteotan surfaren indarra eta ausardia, pilatesaren kontzentrazioaz eta orekaz gozatu dute. Horrela, bi jarduera horiek aukera paregabea eskaini diete ikasleei ez bakarrik gaitasun fisikoak lantzeko, baizik eta autoestimua, kontzentrazioa, norbere gorputzarekiko kontzientzia eta emozioen kudeaketa garatzeko ere.

Ikastolan, Gorputz Hezkuntza ez da irakasgai osagarri bat soilik, hezkuntza integralaren funtsezko zutabea baizik. Jarduera fisikoaren bidez baloreak eraikitzen ditugu: elkarlana, errespetua, esfortzua, autonomia eta bizi-ohitura osasuntsuak. Uste osoa dugu gorputza heztea funtsezkoa dela pertsona osoak hezteko bidean.

💬 “Gorputza mugitu ahala, barrua ere hazi da.”
Esaldi horrek laburbiltzen du ikasleek azken urteotan bizi izan duten esperientzia. Jarduera fisikoa bera baino gehiago izan da: bizitzeko modu bat, eta hazteko bide bat.

Eskerrik asko ikasle guztiei zuen konpromisoagatik, mugitzeko grinagatik eta esperientzia hau aberasgarri bihurtzeagatik. Bidean hazten jarraituko duzuelakoan gaude… olatu bakoitzaren gainean!