Gure herria hobeto ezagutzen
2024-11-19LH 3. mailako ikasleak “Gure Herria” izeneko proiektu interesgarria garatzen ari dira azken asteetan.
Proiektu honen helburua ikasleei beraien herriaren ondare ukigarria eta ukiezina ezagutzeko aukera eskaintzea da, baita inguruko historia eta kultura balioan jartzea ere. Hizkuntza, inguruneko eta gizarte-zientzien arloak uztartuz, hainbat jarduera aberasgarri egin dituzte.
Lehenik eta behin, ikasleek herriko eraikin esanguratsuen bisitak egin dituzte, besteak beste Basazabal jauregira eta Antxieta etxera. Eraikin hauen garrantzia ulertzeko, bertako ezaugarriak aztertu eta gazteleraz azalpen txukunak ekoiztu dituzte. Gainera, herriko pertsonaia ospetsuen biografiak sortu dituzte euskaraz, pertsona horien bizitza eta ekarpenak sakon ezagutzeko. Biografia hauen bidez, herriko historian garrantzitsuak izan diren pertsonen oroimena bizirik mantentzen lagundu dute.
Proiektuaren lehen faseari amaiera emateko, Jose Luis Otamendi herriko idazlearen bisita jaso dute. Ikasleek aukera paregabea izan dute Otamendirekin solasaldi bat izateko. Bertan, idazleak bere ibilbidea, inspirazio iturriak eta idazle izateak dakartzan erronkak azaldu dizkie, giro hurbil eta atseginean.
Proiektu hau ikasleen jakin-mina pizteko eta herriaren ondarea ulertzeko eta baloratzeko bideratua dago. Ikasleek asko ikasi eta gozatu dute prozesuan, eta herriarekiko lotura sendotzeko beste urrats garrantzitsua egin dute.