Haizearen xuxurla eta hostoen dantza

2025-10-22

Haur Hezkuntzako 5 urteko ikasleek udazkenaz gozatzeko goiz pasa zoragarria egin dute naturaren erdian.

Olatz ingurura egindako irteeran, gaztainak, kakiak, ezkurrak eta bestelako fruitu eta elementu naturalak bildu dituzte, udazkeneko giroaz eta kolorez bete-betean murgilduz.

Goiza borobiltzeko, “Etxeberri II” baserrian hamaiketakoa egin dute. Bertakoek eskuzabal hartu dituzte ikasleak, eta ongietorria bero-bero izan da. Gainera, haurrek baserriko txakurra, katakumea eta ahuntzak zaintzeko ardura hartu dute, animaliekin harreman zuzena izateko aukera paregabea izan dutelarik.

Itzuleran, hosto ugari jaso dituzte, eta ondorengo egunetan lehortzen jarriko dituzte. Hosto hauek Arte Tailerrean erabiliko dituzte udazkenaren inguruko lan artistikoak sortzeko. Modu honetan, naturan jasotako elementuak sormenerako baliatuko dituzte.

Irteera honek bat egiten du Kimu proiektuaren pedagogia ikuspegiarekin, non haurraren hazkuntza naturarekin harreman estuan eta osasuntsuan garatzen den. Naturarekin zuzeneko kontaktuak ikasleen garapen integralerako ezinbesteko tresna pedagogiko bilakatzen da. Gure ikastolaren kokaleku pribilegiatuak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, ikasleek askotan izaten dute kanpo espazioarekin eta naturarekin harreman zuzena izateko parada.

Naturarekin konektatzeko, ikasteko eta bizitzeko beste modu bat landu dugu egun honetan: esperientziaz betetako eguna, emozioz eta jakin-minez josia.