Herritik ikasi, kontzientziaz kontsumitu

2026-06-01

Aurreko ostegunean, Azpeitiko hiru ikastetxeetako eko-ordezkariak Udaletxean elkartu ziren ikasturtean zehar garatutako “Ondo erosi, ondo jan” proiektuaren emaitzak aurkezteko.

Ekimenaren helburua ikasleak kontsumo ohitura osasuntsuen inguruan sentsibilizatzea eta bertako produktuen aldeko hautuak egitearen garrantziaz hausnartzea izan da. Prozesu osoan zehar, gazteek elikadura, kontsumoa eta ingurumenarekiko ardura uztartzen dituzten hainbat jarduera eta lanketa egin dituzte.

Aurkezpenean, ikasleek ikasitakoa eta ateratako ondorio nagusiak partekatu zituzten, tokiko produktuek osasunean, ekonomian eta ingurumenaren zaintzan duten eragina azpimarratuz.

Proiektu hau Ikastolaren hezkuntza-ildoarekin bat dator; izan ere, helburua da ikasle kooperatiboak, arduratsuak eta espiritu kritikoa duten herritarrak heztea. Horrelako ekimenek ikaskuntza esanguratsua sustatzen dute, ikasgelatik haratago joanez eta eguneroko errealitatearekin lotura zuzena eraikiz.

Herriarekin eta tokiko eragileekin konektatutako proiektuek balio erantsia ematen diote hezkuntzari, ikasleei beren ingurunea hobeto ezagutzeko eta etorkizunean eraldatzeko tresnak eskainiz.

Ikastolak eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie proiektuan parte hartu duten ikasle, irakasle eta eragile guztiei, egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.