Hezkuntza Sailaren planaren balorazio egin du EHIk

2020-04-28

Hezkuntza Sailak argitaratu berri ditu 2019-2020 ikasturteko azken hiruhileko eta 2020-2021 ikasturtearen hasierako funtzionamendurako jarraibideak. Bertan Hezkuntza sailburuordeak zenbait aholku eta irizpide helarazten ditu. Irizpide hauek kontuan harturik, Ikastolen Elkartean ari gara jada txostena aztertu eta ikasturte nola bukatu, ebaluazioak nola egin eta, orokorki, egon daitezkeen zalantzak bateratzen. Txostenaren laburpena: HH-LH , DBH-DBHO

Lehenengo balorazioa egina du ordea Ikastolen Elkarteak planari buruz:

PRENTSA OHARRA Hezkuntza Sailaren planaren balorazioa (EHI)

Edozein balorazio egin aurretik, adierazi nahi dugu egokia iruditzen zaigula gure hezkuntza-sistemari buruzko erabakiak Madrilen eta Parisen ez hartzea, hau da Espainiak planteatutako markotik kanpoko egotea EAEko Hezkuntza sailburuaren plana… gure hezkuntza-sistemari buruzko erabakiak hemen hartu behar direlako, gure ustez

Askotan aldarrikatu dugu ebaluazio sistema propio bat behar dugula, izan dadila hau lehenengo entsegua… garai berezi honek eman digun inertzia baliagarri izan dadila, guztion artean, elkarlanean, ebaluazio-sistema propioa eraikitzeko.

Egokia iruditzen zaigu EAEn inork ez errepikatzea etxealdiaren ondorioz eta erabaki hori ikastetxe bakoitzaren irakasle taldearen eskuetan egotea, ikasle bakoitzaren inguruan jasotako ebaluazioa eta duen egoera kontutan izanda erabakia hartzea, horretarako dituen esperientzia eta irizpide profesionalak erabiliz. Egokia ikusten dugu, halaber, ikastetxe batek erabakiko balu ikasle batek errepikatu egin behar duela, ikuskaritzak erabaki hori aztertzea.

Garrantzitsua da hezkuntza errefortzuak, norbanako planak eta curriculum-egokitzapenak aurreikusita egotea planean, edozein arrazoirengatik hezkuntza prozesuan jarraipen normala egiterik izan ez duten ikasleentzat. Hezkuntza komunitate osoak inplikatu beharko dugu aurrera eraman ahal izateko. Ekitateari begira, arreta berezia eman behar zaie egoera ahulenean dauden familien ikasleei.

Positiboa iruditzen zaigu, halaber, ikastetxeei ebaluazio propioa egiteko aukera ematea. Aukera hau baliatuz uste dugu ebaluazio hezigarri bat egiteko eszenatoki egoki baten aurrean daudela ikastetxeak; ikasketa prozesuan oinarritutako ebaluazioa, bizitzen ari garen egoerari egokitutakoa,  ikasle bakoitzaren inguruan eginikoa, beti ere, kontutan izanda ikasle asko egoera berezian daudela, arlo guztietan (emozionalean, teknologikoan, ekonomikoan, familiarrean…).

Ohiko probak egiteko zailtasunak izango dira, argi dago, horregatik hiru hilabetean zehar jasotako erregistroek eta eskainitako feedback-ak gailendu behar dute. Probak ordezkatuko dituzten baliabideak aztertu beharko dira.

Oraindik ez dakigu ikasleak noiz itzuliko diren ikastetxeetara eta datu hau garrantzitsua da; dena den, egokia ikusten dugu gradualki izatea, eta itzultzen diren lehenak jokoan zerbait dagoen ikasturtekoak izatea, hau da, DBH4 eta Batxilergoko bigarren maila. Betiere segurtasun arauak bermatuta egonda, horretarako espazio egokitzapenak eginda, eta behar izanez gero ordutegi egokitzapenak ere eginda.