“Hezkuntzak euskara gehiago behar du” sinadura bilketa kanpaina

2023-09-15

Ikastolakide agurgarriak:

Jakingo duzuen moduan, Euskalgintzaren Kontseiluak sinadura kanpaina bat abiatu du Hezkuntzak euskara gehiago behar du leloaren pean, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidaren azken fasean sartu den Hezkuntza Legeari begira. Kanpaina hau atzo abiatu zuen Gasteizen egindako ekitaldi batekin, eta urriaren 15a bitarte luzatuko da.

Ikastolen Elkartearen Artezkaritza Kontseiluak, bere azkeneko bileran, kanpaina honekin bat egitea erabaki zuen eta berau ikastoletan zabaltzea eta ikastolak kanpainan parte hartzera animatzea.

Sinadura hauen bidez Eusko Legebiltzarreko kideei EAEko Hezkuntza Lege berriak honako hiru puntuak berariaz jaso ditzala eskatu nahi zaie:

  • Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
  • Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
  • Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Sinadura bilketa 2023ko irailaren 12tik urriaren 15era luzatuko da, eta 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sinatu ahal izango dute eskaria, bi modutara: presentzialki, sinatzeko jarriko diren mahaietan (gure kasuan ikastola bakoitzak jarriko duen/dituen mahaietan), edo https://euskaragehiago.eus/  webgunean online. Pertsona bakoitzak behin bakarrik sinatu ahal izango du eskaria, izen-abizenak eta nortasun agiria adieraziz. Sinadura bilketaren azken egunetan, presentzialki jasotako sinadurak Kontseiluari helarazteko azalpenak igo eta formulario bat irekiko dute www.euskaragehiago.eus webgunean.

Kartel, sinadura orri, azalpen orri eta beste hainbat eduki online jarri ditu Kontseiluak, https://euskaragehiago.eus/ webgunean, eta oso erraz eskura daitezke.