Hiru hamarkada, milaka bizipen eta bihotz bakarra: gure komunitatea

2026-11-21

Azaroaren 20an, ikastolako eraikinaren 30. urteurrena ospatzeko elkartu ginen arratsalde berezi batean. Hiru hamarkada hauetan horma horiek baino askoz gehiago eraiki dugu: bizipenak, harremanak, ametsak eta belaunaldiz belaunaldi indartzen joan den komunitatea. Atzoko ospakizunak, beste behin, argi utzi zuen ikastolaren benetako bihotza bertako komunitatea dela.

Azaroaren 20an, ikastolako eraikinaren 30. urteurrena ospatzeko elkartu ginen arratsalde berezi batean. Hiru hamarkada hauetan horma horiek baino askoz gehiago eraiki dugu: bizipenak, harremanak, ametsak eta belaunaldiz belaunaldi indartzen joan den komunitatea. Atzoko ospakizunak, beste behin, argi utzi zuen ikastolaren benetako bihotza bertako komunitatea dela.

Ospakizunaren baitan, komunitateko kideek Kilometroen historiari eskainitako erakusketa ikusteko aukera izan zuten. Batxilergoko ikasleek ere beren ekarpena egin zuten, egunari ukitu berezia emanez eta ikasleek ikastolaren historian duten protagonismoa agerian utziz.

Ekitaldian, Artezkaritzako lehendakariak eraikina martxan jartzeko egindako ahaleginagatik eskerrak eman zizkien garai hartako familiei eta langileei. Era berean, ikastolako komunitatearen indarra, konpromisoa eta urte hauetan guztietan egindako lana aitortu zituen.

Familiek, bestalde, beraiena den eraikina beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izan zuten, ikasleen eskutik egindako bisiten bidez. Ikasleak izan ziren gidari, ikastolako eguneroko bizitza eta txokoak gertutik erakutsiz.

Ondoren, une berezia iritsi zen: IƱigo Borda ikastolako ikasle ohiak Azpeitian ospatutako lau Kilometroen historia jasotzen duen murala inauguratu zuen. Iraganeko oroitzapenak eta etorkizuneko erronkak uztartzen dituen lan honek gure ibilbide kolektiboaren lekukotza eskaintzen du, ikastolen egitekoak eta konpromisoak etenik ez dutela gogoraraziz.

Amaitzeko, zuzendariak bertaratutako komunitateko kide guztiei eskerrak eman zizkien, eta abenduaren 15ean, Gaurdanik Geroa egitasmoaren barruan, Sanagustin kulturgunean egingo den hitzaldian parte hartzeko gonbita luzatu zuen.

Atzokoa oroitzapenez, emozioz eta etorkizunerako ilusioz beteriko arratsaldea izan zen. 30 urte igaro dira eraikin honek ateak ireki zituenetik, baina ikastolaren izaera eta indarra osatzen duten balioek bizirik jarraitzen dute.

Eraikinak 30 urte bete ditu, baina gure komunitateak egunero jarraitzen du ikastola eraikitzen. Izan ere, ikastolaren bihotza ez dago hormetan, bertan bizi den jendearengan baizik.

Eskerrik asko ibilbide honen parte izan zareten eta izaten jarraitzen duzuen guztioi!