Historiaren ispiluak: gure aztarnak ezagutzeko indusketa

2025-11-06

Euskal Antzerki Topaketen harira, DBH 4. mailako ikasleek aukera paregabea izan dute “Nor Naizen Baneki” antzezlana ikusteko. Pieza honek identitatearen, historiaren eta euskal kulturaren inguruko gogoeta sakona proposatzen du, ikuslea bere sustraietara eta iragan kolektibora eramanez. Antzezlanaren bidez, iraganeko eta oraingo garaiak uztartzen dira, eta galdera sakona planteatzen du: Nor gara benetan, eta nola ezagutu nor garen, gure historia ezagutu gabe?

Azaroaren hasieran, DBH 4. mailako ikasleek “Nor Naizen Baneki” antzezlana ikusteko aukera izan zuten Euskal Antzerki Topaketen barruan. Pieza honek galdera sakonak planteatzen ditu norberaren identitatearen eta iraganaren inguruan: “Nor naizen badakit? Jakin nahi nuke? Ezagut daiteke norbere burua ingurunea ezagutu gabe?”

Antzezlanaren abiapuntua sinplea baina esanguratsua da: antzokia dagoen lekuan parking bat eraikiko dute, eta lanak hasi aurretik indusketa arkeologiko batzuk egiten dira. Horien artean erromatar garaiko txanpon bat agertzen da, eta momentu horretatik aurrera ikusleak 2.000 urteko bidaia egingo du historian zehar.

Ikasleek familia baten ibilbidea jarraitzen du belaunaldiz belaunaldi, erromatar garaitik gaur egunera arte. Bidean, hainbat garai historiko ezagutzen dira: Erromatar garaia, Inkisizioaren garaia, Frantziar Iraultza eta Errepublika garaia, besteak beste.

Antzezlanaren sorreran Irulegiko eskuaren aurkikuntzak izan zuen eragina aipagarria da, izan ere, horrek piztu zuen obra honen ideia nagusia: euskal nortasuna eta hizkuntza gure historiaren hari nagusi gisa. Gainera, piezan euskalki ugari erabiltzen dira, Euskal Herriko hizkuntza aberastasunaren isla gisa.

Ia bi orduko iraupena duen antzezlan honek barne hausnarketarako gonbita egin zien ikasleei, eta galdetzen du: Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?

Antzezlanaren bidez, ikasleek ez ezik, ikusle orok ere hausnartzeko aukera izan zuten euskal historiaren kontakizuna guk geuk egitearen garrantziaz, eta aldi berean, norbere identitatea eta sustraiak ulertzeko bideaz.