Hitzen etxean, liburuen magia artean
2025-10-06
HH5eko ikasleek bisita berezia egin dute Azpeitiko Udal Liburutegira, hezkuntza eta kultur transmisioa uztartzen dituen irteera batean.




Goizean goiz, ikasleak oinez abiatu dira ikastolatik, eta bidean Azpeitiko hainbat txoko interesgarri ezagutzeko aukera izan dute. Helmuga Enparan dorretxea izan da, liburutegia bertan baitago kokatuta.
Helmugara iristean, Maider, liburutegiko arduraduna, zain izan dute. Hark, girotze-lan bikain baten bidez, bi ipuin kontatu dizkie ikasleei, arreta eta jakin-mina piztuz. Ondoren, liburutegiaren funtzionamendua eta gela ezberdinak erakutsi dizkie, eta aldi berean, Enparan dorretxearen historia kontatu die modu atsegin eta egokian.
Bisitaren unerik berezienetako bat ganbarara egindako bisita izan da, non liburu zahar bat —musika partiturekin hornitutako ale historiko bat— erakutsi dien. Aukera paregabea izan zuten ikasleek historiaz eta musikaz blaitzeko eta kultura ondarearen garrantziaz jabetzeko.
Jardunaldia borobiltzeko, ikasleek hamaiketakoa egiteko eta jolasteko tartea ere izan dute, elkarrekin esperientzia partekatuz.
Azpeitiko Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie Azpeitiko Udalari eta liburutegiko langileei, hain harrera goxoa eta aberasgarria egiteagatik. Halako ekimenek agerian uzten dute ikastolak herriko erakunde eta eragileekin duen harreman estua, eta hezkuntzaren osagarri ezin hobea dira gure ikasleentzat.