Igelak eta zapoak: euskaraz bizitako istorioa

2025-10-29

TINKO egitasmoaren barruan, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek “Igelak eta Zapoak” filma euskaraz ikusteko aukera izan dute. Zinema-saio berezi honek haurrei euskarazko ikus-entzunezkoen gozamena eskaintzeaz gain, laguntasunaren, anaitasunaren eta naturarekiko errespetuaren balioak azpimarratu ditu.

Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek “Igelak eta Zapoak” filma ikusteko aukera izan dute, TINKO Euskara Elkartearen egitasmoari esker. Simone van Dusseldorp zuzendariaren 2009ko filma hau haurrei zuzendutako istorio hunkigarria da, anaitasuna, laguntasuna eta naturarekiko harremana ardatz dituena.

Filmak Max sei urteko mutikoaren abentura kontatzen du: erietxean dagoen bere anaiari laguntzeko, zapaburuak bilatzera abiatzen da. Zeregin horretan Jesse laguna izango du bidelagun, eta bi lagunek elkarrekin biziko dute abentura zirraragarria, naturaren edertasuna eta balioak ezagutuz. Bidean zelaiak, baserriak eta basoak zeharkatuko dituzte, baita azeri eta orein batekin topo ere.

Istorioak ausardia, jakin-mina eta elkartasuna uztartzen ditu, haurrek laguntasunaren indarra eta familiaren maitasuna balioetsi ditzaten. Aldi berean, naturarekiko errespetua eta elkarren arteko laguntza sustatzen ditu.

TINKO Euskara Elkartea euskararen normalkuntza eta erabilera sustatzeko sortu zen, eta horretarako, “Euskara zine aretoetara” ekimenaren bidez, ikastetxeei euskarazko zinema eskaintzen die. Proiektuak, gainera, material didaktikoak jartzen ditu irakaslesgoaren eskura, filmak ikasgelan sakonago lantzeko aukera emanez.

“Igelak eta Zapoak” bezalako lanek erakusten dute euskarazko zinemak heziketa eta dibertsioa uztartu ditzakeela, haurrek hizkuntza eta balioak modu ludikoan barneratzeko aukera paregabea eskainiz.