Ikasgelatik herrira: kontsumo arduratsuaren hazia ereiten
2025-05-29
Kontsumo arduratsua eta elikadura osasuntsua ardatz izan ditu ikastolako ingurumen proiektuak.






Ikastolako ingurumen proiektuak aurrera darrai, eta aurtengo ikasturtean kontsumo arduratsua eta elikadura osasuntsua izan dira landutako gai nagusiak. Bi urtetako proiektu honen lehen urtean diagnostikoa burutu da, ikasmailen arabera antolatutako hainbat ekintzaren bidez.
- LH 1-4ko ikasleek gosariak, hamaiketakoak eta merienden osasungarritasuna aztertu dute.
- LH 3-6koek, berriz, tokiko produktuak ikertu dituzte.
- DBHko ikasleek lehen sektorearen egoera eta elikagaien xahuketa aztergai izan dituzte.
Diagnostikoaren baitan inkestak, datu bilketa eta ikasleen iritziak jasotzea izan dira lan-ardatz nagusiak. Ondorio guztiak eko-ordezkariekin partekatu eta landu dira, ikastolaren ingurumen lan-taldearen dinamizazioarekin.
Ondoren, Azpeitiko Ekoetxean antolatutako Eskolarteko Foroan, hobekuntza-ekintzak proposatu eta adostu ziren herriko ikastetxeetako maila guztietako ikasleen artean. Ekintza horietatik abiatuta, ekintza plana diseinatzea izango da datorren ikasturteko erronka nagusia, jasangarritasuna eta osasuna ardatz hartuta.
Azkenik, Udal Foroan, ikasleek adostutako ekintza plana aurkeztu zuten, eta udalaren babesa eskatu zuten herri mailan ere kontsumo arduratsua eta elikadura osasuntsua sustatuko dituzten ekimenak martxan jartzeko.
Ikasleen konpromisoa eta parte-hartzea nabarmena izan da urte osoan zehar, eta hurrengo ikasturterako ere bide argia marraztu dute komunitate osoaren inplikazioarekin.