Ikasgeletatik haratago: Euskal Herria, gure ikasgela bizia
2026-02-18
Neguko egunak aprobetxatuz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleek Euskal Herriko hainbat erreferente kultural eta zientifiko bisitatu dituzte, ezagutza teorikoa esperientzia praktiko eta aberasgarriekin uztartuz. Horrela, txangoek, berriz ere, agerian utzi dute beraien balio hezitzailea, ikasleek gure herriko ondare naturala, historikoa, zientifikoa eta artistikoa sakonago ezagutzeko aukera paregabea eskainiz.












DBH 2. mailako ikasleek salbuespena egin dute, eta neguarekin loturiko kirol nagusia praktikatzeko aukera izan dute Aretteko eski pistetan. Elur artean eskiatzen ikasteaz gain, naturarekiko harremana eta talde izaera sustatzeko aukera izan dute.
Bestalde, DBH 1. mailako ikasleak Donostiako Aquarium-a bisitatu dute. Ia mende bateko ibilbidea duen museoan, itsaso eta ozeanoen bilakaerari buruzko ezagutzak eskuratu dituzte, itsas ekosistemak eta biodibertsitatea gertutik ezagutuz.
DBH 3. mailako ikasleek, berriz, Eureka Zientzia Museoa bisitatu dute. Bertan, zientziaren munduan gizakiak eginiko ekarpen nagusiak ezagutzeko aukera izan dute, esperimentazioaren eta dibulgazio zientifikoaren bidez ikaskuntza esperientzia dinamikoa biziz.
DBH 4. mailako ikasleak, bestalde, Mutrikuko Geoparkeara joan dira, eta bertan Nautilus Museoa bisitatu dute. Mutrikuko Ikasgune Geologikoak herriaren urruneko iraganari, jatorriari eta eraketari buruzko galderei erantzuten die. Gakoak Mutrikuko Flysch Beltza osatzen duten harkaitzetan daude; marea jaisten denean, milioika urteetan gordetako sekretuak irakur daitezke amildegietan. Izan ere, hauek dira Euskal Kostaldeko Geoparkean dauden flysch zaharrenak eta ulertzeko konplexuenak. NAUTILUSen ikusgai dauden material fosil bikain guztiak Mutrikuko flysch beltzean jasoak dira, eta Jesús M. Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga senar-emazteen 40 urteko lanari esker osatutako mundu mailako paleontologia bildumaren parte dira. Museoa, gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko museotariko bat da eta Euskal Kostaldeko Museoen Sarean integratuta dago.
Azkenik, Batxilergoko 1. mailako ikasleek Guggenheim Museoa ezagutzeko aukera izan dute. Arte garaikidearen inguruan dituzten ezagutzak zabaldu dituzte, nazioarteko erreferente den espazio artistiko batean murgilduta.
Ibilaldi horiek guztiek helburu argia dute: ikasleek Euskal Herria eta bere ondare kulturala zein zientifikoa sakonago ezagutzea. Esperientzia zuzenaren bidez, ikaskuntza esanguratsuagoa bihurtzen da, eta ikasleek ikasgelatik kanpo ere jakin-mina pizteko eta ezagutza eraikitzeko aukera dute. Horrela, neguko ibilaldiek argi utzi dute dute hezkuntza ez dela soilik ikasgelan gertatzen; herria bera ere ikasgela bihur daiteke.