Ikaskuntzatik bizipenetara

2026-05-12

Aurreko astean, ikastolako DBH eta Batxilergoko ikasleek hainbat txango eta irteera egin dituzte, elkarbizitza, kirola eta kultura uztartuz. Eguraldi ona lagun, ikasleek aukera paregabea izan dute ikasgelatik kanpo esperientzia aberasgarriak bizitzeko, talde giroa sendotzeko eta ikasitakoa praktikara eramateko.

DBH 1. mailako ikasleek Arabara bidaiatu zuten, Sobron inguruko abentura parke batera. Bertan, kayak eta eskalada jardueretan parte hartu zuten, naturaz gozatu eta abenturaz beteriko egunaz disfrutatuz. Jarduera horiei esker, ikasleek elkarlana, konfiantza eta ausardia landu zituzten.

DBH 2. mailako ikasleek, berriz, Mutrikuko Nautilus museoa bisitatu zuten lehenik. Bisitan zehar, gure kostaldeko fosilen inguruko informazio interesgarria ezagutzeko aukera izan zuten. Ondoren, Mendexako abentura parkera joan ziren, eta bertan zuhaitzarteko ibilbideak, tirolinak eta bestelako jarduerak egin zituzten. Esperientzia honek dibertsioa eta lankidetza uztartu zituen.

DBH 3. mailako ikasleek, bestalde, Iruñean igaro zuten eguna. Lehenengo, Rokopolis rokodromoan beren trebetasunak eta gaitasun fisikoak probatu zituzten. Ondoren, Iruñeko Alde Zaharrean barrena ibili ziren, hiriko historia eta giroa gertutik ezagutuz.

Azkenik, DBH 4. mailako ikasleek Kataluniara egin zuten bidaia. Lehen eta azken egunean Bartzelona bisitatu zuten, hiriko leku esanguratsuenak ezagutuz: Sagrada Familia, Ramblak, zoologikoa, Gaudíren arkitektura eta beste hainbat kultur gune. Bidaiako egun berezienetako bat Port Aventuran igaro zuten; parke tematikoan emozioz eta adrenalinez beteriko jardunaldia bizi izan zuten.

Bestalde, Batxilergoko ikasleek Baztan Abentura Parkean igaro zuten eguna, abenturazko hainbat jardueratan parte hartuz eta natur inguruneaz gozatzeko aukera aprobetxatuz.

Txango hauen bidez, ikasleek ikasitakoa bizipen bihurtu dute, eta eskolatik kanpo elkarbizitza, autonomia eta garapen pertsonala lantzeko aukera izan dute. Zalantzarik gabe, esperientzia hauek oroitzapen ederra eta arrasto positiboa utziko dute ikasleen ibilbidean.