Ikasle ohiak ere Inauterietako jaialdian

2023-02-17

Urteroko legez herrian egiten dugun inauterietako jaialdia egiteko eguna iritsi da. Ikastolako ikasle eta irakasleek burutzen dute ekitaldia, baina ikasle ohi batzuk ere animatzen dira bertan parte hartzera. Aurten berriro errepikatuko duten hiru ikasle ohiren hitzak jaso ditugu: Enara Arrizabalaga, Maialen Olaizola eta June Zubiaurre.

 

Lehenik eta behin, zer dira inauteriak zuretzat?

Enara: Ez dakit oso ondo zer diren niretzat inauteriak, baina gerturatzen ari diren heinean, nerbioak hasten zaizkit nire barruan, eta gogotsu egoten naiz ostirala iristeko. Txikitatik gurasoek erakutsi didate zeinen ederrak diren inauteriak, beraiek nola bizi izan dituzten, eta horrek asko eragin dit gaur egun bizi ditudan moduan bizitzeko. Orduan, esan dezaket, niretzako Azpeitiko festarik ederrenak direla, eta, kasu honetan, Ikastolan dugun aukera edukitzea beste indar edo plus bat dela festak beste era batera eta hobeto bizitzeko.

Maialen: Niretzako inauteriak txiki-txikitatik bizi izan ditudan festak dira. Nire familiaren kasuan, adibidez, oso barneratuta dago eta txikitatik hasi gara bizipen hori jasotzen, gazteak izatera iritsi garen bitartean, eta orain zer esanik ez.

June: Niretzako inauteriak oso bereziak dira eta batik bat ostiraleko jaialdia. Iruditzen zait herriari kolore eta bizipoza transmititzen dion seinalatutako egun bat dela, eta Ikastola osatzen dugun pertsona bakoitzarentzat badu bere xarma hori. Azken finean, horrelako egunek elkartzen gaituzte gehiena.

 

Nola landu/bizi izan dituzu Ikastolan?

Enara: Beti gogotsu eta zoriontsu. Zain-zain egoten nintzen, inauteriak noiz iritsiko, eta Ikastolan dantzak ikasten hiru bat aste lehenago hasten ginenez, munduko zoriontsuena sentitzen nintzen. Ikastolako lanketa dantzak ikastea izaten zen, eta, horrekin lotuta, gure jantziak nondik zetozen eta beraien istorioa kontatzen ziguten.

Maialen: Ekitaldian oso txikitatik parte hartzen hastea, izugarrizko giroa egotea eta zaharragoen dantzak ikustea izaten ziren urteroko bizipenak; beti egoten zen hurrengo urtea iritsi eta zaharragoek egiten zituzten dantza horiek egiteko gogoa.

June: Txikitatik ilusio handiz bizi izan ditugu, Ikastolak beti eduki du bere xarma eta txikitatik saiatu izan da Euskal Inauteriak zer diren azaltzen. Horretaz gain, Ikastolaren parte sentitzen gara, eta egun hori oso berezia da denontzat.

 

Nolatan hartuko duzu parte ekitaldian? Zerk animatzen zaitu jaialdian irtetera, nahiz eta Ikastolako etapa amaitu?

Enara: Ekitaldi hau beti gustatu izan zait, oso ideia polita da, eta, gainera, Ikastola zer dan, eta umeak eta gazteak nola bizitzen duten argi ikusten dela iruditzen zait. Hori kontuan hartuta, eta nahiz eta Ikastola orain dela urte batzuk bukatu, beti iruditu zaigu polita horren parte izatea, beti segitzen baitugu Ikastolaren parte izaten. Orduan nahikoa izaten da inguruko baten batek nahi izatea, pixka bat elkar berotu eta listo; gainera, irakasle batzuk gurekin gogoratzen dira, eta beti animatzen gaituzte parte hartzera. Eta aurten zeba? Bada horretxegatik, elkar berotu ginen. Ikusi dugu gu izan garela lehenak ikasle ohi moduan parte hartzen, eta horrek sortu duela gu baino gazteagoek ere bertan parte hartu nahi izatea. Egia da beti neskak garela eta horrek aldaketa bat behar duela, baina batzuetan ez da batere erraza, eta gazteagoek hori lortuko bazuten, Ikastolari beste ikusgarritasun bat emango zioten,  eta jendea gusturago aterako zen dantzetan.

Maialen: Bada denbora nire Ikastolako etapa bukatu zela, baina jaialdia beti eduki izan dut barruan. Jaialdia ikustera beti joan izan gara lagun taldean, eta aurreko urtean batzuk animatu ziren eta ni penatan gelditu nintzen ez nuelako izena eman, beraz, aurten erabaki dut ateratzea. Ikastolak ikasle ohiei aukera hori ematea oso polita iruditzen zait, berriro ekitaldiaren parte sentitzeko eta inauteriei hasiera ederra emateko.

June: Batxilergoan geundenean ohitura hartu genuen (nahiz eta DBH 2tik aurrera ez zen dantzarik egiteko), eta hortik aurrera komentatu genuen Ikastola amaitu ostean gustatuko litzaigukeela jaialdian parte hartzen jarraitzea, eta horixe egin dugu azkenengo urte hauetan.

 

Zer oroitzapen dituzu?

Enara: Nik ez dakit gure gela horrelakoa zelako zen edo talde denak horrelakoak ziren, baina entseguetan dena ematen genuen, gogo handiak genituen dantzak egiteko denbora osoan, eta oso serio hartzen genuen urtero. Lotsa handiena ematen zigun garaietan ere (DBH 1-2), oso ondo pasatzen genuen gure artean. Horrez gain, nire lagun taldeak ilusio eta gogo askorekin hartu izan ditu inauteriak eta dantzak urtero, bai txikiak ginenean eta bai orain. Gainera, txikiak ginenean, akordatzen naiz urtebete lehenago hasten ginela gutxienez hurrengo urteko dantzak ikasten; kopiatu egiten genien zaharrei, denbora guztian beste batzuen dantzak egin nahi genituen, eta, nola ez, gazteen dantza denak beti buruz egiten genituen. Ikastolatik inauterietan ateratzearen oroitzapenak oso onak ditut, eta, batez ere, bukaerako korroen oroitzapenak. Gogoratzen naiz nola beti egoten ginen horren zain, gu baino zaharragoekin dantza egiteko, eta Ikastola adinaren arabera banatu beharrean denek batera ospatzeko.

Maialen: Oroitzapen asko. Mailaz maila gela moduan dantza ezberdinak egiten dira kalejirarekin batera, eta, azkenean, hainbeste urtez atera ostean oroitzapen oso politak ditut. Gure etxean argazki asko ateratzeko ohitura dago, eta inauterietako argazkiak ikusten jartzen naizenean, Ikastolak oso esperientzia ederra eman digula pentsatzen dut.

June: Oroitzapen denak oso positiboak dira, txikitatik bizi izandako egun bat da, eta emozio askorekin hartzen dugu.

 

Anekdotarik?

Enara: LH 2n geundenean, txatxuen dantza egitea tokatzen zitzaigun. Gure txanda iritsi zenean, atera ginen, prestatu eta dantzan hasi. Dantzaren amaieran gu baino 7-8 urte zaharragoko ikasleak gure gainera etorri ziren. Ikasle horiek gaur egun kaletik joaten diren kabezuloen moduan zeuden jantzita. Gutako inork ez genituen espero, eta beraien indarra kontrolatu gabe, eta gu oraindik ume batzuk ginela kontuan hartu gabe, gainera saltatzerakoan ez ziren konturatu jendea non eta nola zegoen. Horregatik, gutako batek orkatila okertu zuen, beste bik ezpaina lehertu zuten eta beste jende asko negarrez hasi zen. Ordutik aurrera hori ez egitea erabaki zen.

Maialen: Nik ez dakit gure gelarekin bakarrik pasatzen zen edo, baina dantza asko gaizki ateratzen zitzaizkigun egunean bertan. Tunturroekin gogoratzen naiz, frontoian egitea tokatu zitzaigun euria ari zuelako egun horretan. Musika hasi zen, baina ez genuen entzuten eta berandu hasi ginen dantzarekin, eta abestia amaitu zenean hor gelditu ginen tente ez genekiela zer egin, Begoñari (musikaria) begira. Horrelako anekdotak ederrak dira gero lagun artean komentatzeko eta barre batzuk egiteko.

June: Txatxoen dantzan Ziripot jaso behar genuen batzuek, baina momentuko nerbioak tarteko, ahaztu egin zitzaigun eta lurrean etzanda pasatu zituen irakasleak (Ziripotek) 5 bat minutu.