Hazten jarraitzeko hamaika esperientzia
2026-06-15
DBHko ikasleek ikasturte amaiera ekitaldiz eta esperientzia aberasgarriz bete dute.














Ikasturte amaierarekin batera, DBHko ikasleek hainbat ekimen eta jarduera berezitan parte hartzeko aukera izan dute, ikasgelatik harago ikaskuntza eta bizipen esanguratsuak sustatuz.
DBH 1. mailako ikasleek musikaren mundura gerturatzeko aukera izan zuten Julen Goldaraz musikariaren bisitari esker. Saioan zehar, bere ibilbide artistikoaren nondik norakoak azaldu zizkien ikasleei eta, gainera, abestiak sortzeko prozesua bertatik bertara erakutsi zien. Horrela, sormen musikalaren atzean dagoen lana eta inspirazioa ezagutzeko aukera izan zuten.
Era berean, DBH 1eko ikasleek ikasturte amaierako azken bertso saioaz gozatu zuten Ikastolan. Xabat Illarregi, Amets Arzallus eta Jokin Uranga bertsolariak izan ziren protagonista, eta ikasleek gai-jartzaile lanak egin zituzten. Giro ezin hobean, bertsolariek emanaldi bikaina eskaini zuten, umorea, irudimena eta bat-batekotasuna uztartuz.
Bestalde, DBH 2. mailako ikasleak Pasaiara joan ziren irteera berezi batean. Bertan, badiako paisaia naturalaz gozatzeko aukera izan zuten eta hainbat kirol jardueratan parte hartu zuten, elkarrekin egun atsegin eta dinamikoa igaroz.
DBH 3. mailako ikasleek, berriz, Kultura Eskolako ekintzen barruan antolatutako hitzaldi musikatua izan zuten. Iker Lauroba eta Esti Markez musikariek euren esperientzia profesionalak partekatu zituzten ikasleekin, eta Euskal Herriko musikaren inguruko ibilbide interesgarri bat eskaini zuten, hainbat kanta eta azalpen uztartuz.
Horrez gain, elkartasunarekin lotutako ekimen batean ere parte hartu dute. Zaporeak GKEari laguntzeko asmoz, Lesbosen dauden errefuxiatuentzat janari bilketa antolatu eta aurrera eraman dute. Ekimen honen bidez, munduan bizi diren errealitate desberdinez jabetzeko eta elkartasunaren garrantziaz gogoeta egiteko aukera izan dute, beren ekarpen txikiaren bidez behar gehien duten pertsonei laguntza eskainiz.
Azkenik, DBH 4. mailako ikasleek memoria historikoaren gaia landu dute. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Gerra Zibilean eta frankismo garaian gertatutako giza eskubideen urraketen hainbat adibide aurkeztu zizkieten. Saioaren bidez, memoria historikoa lantzearen garrantzia azpimarratu zuten, iraganeko gertakariak ezagutzea eta gogoratzea ezinbestekoa dela nabarmenduz, gure historiako garai ilunak berriro errepika ez daitezen.
Horrez gain, DYAko kideen eskutik lehen sorospenen inguruko ikastaroa jaso dute. Bertan, larrialdi egoeretan nola jokatu ikasi dute, oinarrizko sorospen teknikak ezagutuz eta egoera zailetan erantzuteko jardunbide praktikoak eskuratuz. Prestakuntza honek prebentzioaren eta elkartasunaren garrantzia azpimarratzeko balio izan du.
Bestalde, Zientzia Azokan ere parte hartu dute. Bertan, udalerriko beste ikastetxeetako ikasleekin batera, ikasturtean zehar landutako proiektuak, ezagutzak eta esperientziak partekatu dituzte. Topaketa aberasgarri horrek ikerketa, jakin-mina eta elkarlana sustatu ditu, ikasleen arteko harremanak sendotuz eta zientzia gizarteratzeko aukera eskainiz.
Jarduera hauei esker, DBHko ikasleek musika, kultura, natura, kirola eta historia uztartu dituzte ikasturteari amaiera emateko, esperientzia aberasgarriak biziz eta ikaskuntza esanguratsuak eskuratuz.