Inauteriei buruzko hitzaldia

2024-01-29

Inauteriei buruzko lau hitzaldi-saio izan dira Ikastolan. Hain zuzen ere, Ikasberriko LH 5. mailatik Batxilergo 2. mailara bitarteko ikasleek inauteriei buruzko hitzaldia jaso dute Josune Zabala euskal hizkuntzalari eta ikertzaileak emanda. 

Zehazki, Josunek, ikastolako guraso den heinean, arreta berezia jarri du Inauteriek euskal kulturan duten esanahian eta jatorrian. Inauteri garaian izaten diren ospakizunen zentzua zein den azaldu du, eta tradiziotik gaur egunera bitarte ekarritako ezaugarri nagusien berri eman du. 

Aurtengo Kilometroetako bi ardatz jorratu dira bete-betean hitzaldi honen bitartez: euskara eta kulturartekotasuna. Izan ere, euskal inauterietan eta munduko beste kulturetan zein adierazpide dauden, zertan diren berdin eta ezberdin jakiteko aukera izan baita.  

Hitzaldi honetan landu diren jakintza berriek lekua izango dute Ikastolaren inauteri ospakizunean, otsailaren 9an, Azpeitiko plazan izango den jaialdian euskal inauterien eta munduko inauterien sinbologia zein iruditeria azaleratuko baitira ekarpen berri modura.