Ingurumen proiektua: Gutxiago asko da!
2024-06-12Bi ikasturtetan energia jasangarriaren inguruko proiektua gauzatu dute ikastolako LHko eta DBHko ikasleek. Orain ikusgai dituzue beraien lanaren emaitzak.
2022-2023 ikasturtean, metodologia berria hartu zuen herri mailako Ingurumen Proiektuak. Ordura arte, programaren iraupena ikasturte batekoa zen, eta, urtero, diagnosia egin ostean, alkateari hainbat eskaera zuzentzen zizkioten; metodologia berriarekin, aldiz, programaren iraupena bi urtera luzatu da: lehen ikasturtea diagnosia eta esku-hartze planaren diseinua egiteko, eta, bigarrena, esku-hartze plana martxan jartzeko.
Esku-hartze plana
Bi urteko lan hori bukaerara ari da iristen. Iazko ikasturtean, Energia, bizitzaren motorra gaia jorratu zuten ikasleek, eta diagnostiko horretatik bost proiektu atera ziren.
2023-24 ikasturte hasieran, Azpeitiko ikastetxe guztiek adostu zuten udal igerilekuan energiaren kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak sustatzeko udalak hartu dituen neurriak herritarrekin partekatzeko informazio-sentsibilizazio kanpaina diseinatzea eta gauzatzea.
Kanpaina hau gauzatzeko, LHko ikasleek infografiak egin dituzte, QR bidez informazioa zabaltzeko eraikin publikoetan (udaletxea, liburutegia, auzitegia, kiroldegia…). DBHkoek, berriz, bideo bat sortu dute.
Ondorengo estekan aurkitu ditzakezute beraien lanaren emaitzak.