Interneten eta sare sozialen arriskuei eta aukerei buruzko sentsibilizazio kanpaina
2025-01-16Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, bi herrietako ikastetxeekin elkarlanean eta Iraurgi Berritzenen gidaritzapean, Interneten eta sare sozialen erabilerarekin lotutako arriskuei eta aukerei buruzko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute.
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Segurtasun Sailaren arteko lankidetza akordioaren barruan kokatzen da, eta helburua da gazteak eta gurasoak gai horren inguruan informatzea eta prestatzea.
Hilabete honetan zehar, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek formazio saioak jaso dituzte ikastolan. Saio hauetan, Interneten erabilerari lotutako arriskuez, hala nola pribatutasunaren babesaz, sare sozialetan portaera arduratsuaz eta zibersegurtasunaren oinarriez, jardun dute. Era berean, baliabide digitalen erabilera osasungarria eta aukerak azpimarratu dira.
Kanpainari amaiera emateko, otsailaren 6an, arratsaldeko 17:30ean, gurasoei zuzendutako hitzaldi bat eskainiko da Erabilera Anitzeko gelan. Hitzaldiaren helburua izango da Internetaren eta sare sozialen inguruko arriskuei eta erantzukizunei buruzko informazioa ematea, gurasoek ere tresna eta gaitasun egokiak izan ditzaten seme-alaben heziketan laguntzeko.
Kanpaina honek haur eta gazteen artean kontzientziazioa bultzatzea eta familien artean sentsibilizazioa sortzea du xede, etorkizun digitalean modu seguru eta arduratsuan ibiltzeko oinarriak ezarriz. Herritarrak animatu nahi ditugu parte hartzera eta elkarlanean aritzera, guztion segurtasun eta ongizatea bermatzeko.