Ipuin batetik bestera, elkarrekin ikasten
2026-03-05
Azken egunotan Lehen Hezkuntzako ikasleak Haur Hezkuntzako geletara joan dira beraiek sortutako ipuinak kontatzera. Ikasleek eurek asmatu, idatzi eta ilustratutako istorioak partekatu dituzte txikienekin, giro goxo eta atseginean. Esperientzia aberasgarria izan da guztientzat: HHko haurrek ilusioz entzun dituzte ipuinak, eta LHko ikasleak, berriz, oso gustura aritu dira ipuin kontalari lanetan.



Ekimen honek, beste behin ere, hainbat adinetako haurren arteko harremanek duten garrantzia agerian utzi du. Izan ere, ikastolaren ezaugarrietako bat da hainbat etapetako ikasleen arteko interakzioa sustatzea. Elkarrekin bizi dituzten esperientzien bidez, haurrek ikaskuntza esanguratsuak garatzen dituzte: txikienek handien jokabideak imitatzen dituzte, eta handienek, berriz, txikienekiko zaintza eta ardura jarrerak lantzen dituzte.
Horregatik, hainbat adinetako haurrak egunerokoan elkarrekin egoteko aukerak eskaintzea gure hezkuntza proiektuaren oinarrietako bat da. Helburua argia da: ikasle kooperatiboak heztea, lankidetzan aritzeko gai direnak. Horretarako, elkarreragina, helburu partekatuak adostea eta gaitasun sozial zein kognitiboak garatzea ezinbestekotzat jotzen ditugu.
Era berean, unean-unean sortzen diren egoerei edota gizarteak planteatzen dituen arazo eta erronkei aurre egiteko gai diren ikasleak hezi nahi ditugu: errealitatea hainbat ikuspuntutatik aztertzen dituztenak eta irtenbide originalak proposatzen dituztenak. Konbentzioetatik haratago pentsatzeko ausardia duten ikasleak, bide berriak urratzen dituztenak eta ideiak garatzen dituztenak, beren gaitasunetan konfiantza erakutsiz.
Azken finean, taldekideez arduratzen diren eta bakoitzaren beharren arabera laguntza eskaintzen duten ikasleak hezi nahi ditugu, talde-pertenentzia indartuz. Ikasle aktiboak, ingurukoengan modu positiboan eragiteko gai direnak.