Iraganaren oihartzunak, gazteen ahotsetan
2026-06-17
DBH 4. mailako ikasleek azken asteotan egindako ikerketa lanaren emaitzak aurkeztu dituzte, Gerra Zibilaren eta frankismoaren garaian Azpeitian gertatutako hainbat pasarte historiko aztertuz. Ekimenaren helburua herriko iragan hurbila ezagutzea, memoria historikoa lantzea eta herriko espazio esanguratsuak testigantza eta hausnarketarako gune bihurtzea izan da.





Ikasleek aurretik dokumentazio lana egin zuten, iturri historikoak aztertuz eta garaiko gertakariak sakon ikertuz. Ondoren, lortutako informazioa herriko bost gune adierazgarritan aurkeztu zuten, espazio bakoitzaren esanahi historikoa azpimarratuz.
Loiolan, Loiola Bataloiaren sorrera eta jarduna izan zituzten hizpide; anbulategian, berriz, frankismo garaian bertan egon zen kartzelaren eta errepresioaren inguruko azalpenak eman zituzten. Perez Arregi plazan, Hankaundi pertsonaiaren bidez, garaileek eraikitako kontakizun historikoaren manipulazioaz hausnartzeko gonbita egin zuten. Udaletxe aurrean, botere politikoaren kontrola eta erakunde publikoen erabilera izan zituzten aztergai, eta Batzokiaren aurrean, azkenik, gerraostean abertzale askok pairatutako jazarpena, erbestea eta isiltasuna gogora ekarri zituzten.
Ekimenak agerian utzi du ikasleek ikaskuntza prozesuan izan duten inplikazioa eta ekintzailetasuna. Izan ere, ez dira ikerketaren hartzaile hutsak izan; kontrara, ezagutza sortu, antolatu eta gizarteratzeko ardura hartu dute, herritarren aurrean azalpenak emanez eta memoria historikoaren transmisioan eragile aktibo bihurtuz.
Halaber, jarduerak ikasleen gizartearekiko konpromisoa agerian utzi du. Iraganeko gertakariak ezagutzeaz gain, memoria, justizia eta bizikidetza bezalako balioei buruz hausnartzeko aukera eskaini dute, belaunaldi berriek historia modu kritikoan ulertzeko duten garrantzia azaleratuz. Horrela, ikasleek erakutsi dute hezkuntza ez dela ikasgelako hormen barruan soilik gertatzen: herriarekin lotura estua duen esperientzia bihur daitekeela, komunitatearen memoria kolektiboa aberastuz eta etorkizun arduratsuago baten eraikuntzan ekarpena eginez.