Isilarazitako ahotsak, paperera ekarriak
2026-01-22
Batxilergoko 1. mailako ikasleek hitzordu berezia izan dute aste honetan Julen Gabiria idazle eta itzultzailearekin “Idazleak ikastetxean” egitasmoaren baitan.

Topaketan, Joe Sacco idazle estatubatuarraren Palestina liburua izan dute ardatz; izan ere, Gabiriak berak euskarara itzulitako lana da.
Solasaldian zehar, XX. mendetik hasi eta gaur egunera arte palestinarrek bizi izan duten egoera historiko, politiko eta sozialaren inguruan jardun dute. Komiki-kazetaritza generoa abiapuntu hartuta, ikasleek gatazkaren testuingurua ulertzeko aukera izan dute, baita kontakizunaren garrantziaz, itzulpen lanaz eta informazioa nola eraikitzen denez hausnartzekoa ere.
Julen Gabiriak azaldu du nola heldu zion Palestina euskaratzeari, zein erronka izan dituen itzulpenean eta zergatik den garrantzitsua halako lanak euskaraz irakurri ahal izatea. Ikasleen galderek solasaldia aberastu dute, eta gaiaren inguruko ikuspegi kritikoa lantzeko aukera paregabea eskaini dute.
Esperientzia oso baliagarria izan da ikasleentzat, gaurkotasun handiko gai baten inguruan sakontzeko eta literaturak zein itzulpenak gizartearen ulermenean duten rola ezagutzeko. Ikastolak eskerrak eman nahi dizkio Julen Gabiriari partekatutako denboragatik eta ekarpenagatik.