Jakintzaren zubiak eraikitzen: DBHko eta LHko ikasleak elkarrekin hazten

2025-03-12

Gure ikastolako DBHko ikasleek diziplinarteko proiektuak gauzatu dituzte bigarren ebaluazioan ere, hainbat irakasgai uztartuz erronka praktiko eta motibagarriak landuz. Proiektu hauek aukera paregabea eskaintzen diete errealitateko egoerei aurre egiteko eta ikasitakoa praktikan jartzeko.

DBH 1eko ikasleek, Teknologia eta Gaztelania uztartuz, elkarrizketa bat prestatu dute Scratch programaren bidez. Helburua gaztelaniazko komunikazio-trebetasunak garatzea izan da, programazioaren oinarriak ikasiz.

DBH 2ko ikasleek, “Osasuntsu gaude?” proiektuaren barruan, Gorputz Hezkuntza, Matematika eta Ingeleseko edukiak aplikatu dituzte. Haien gorputzaren egoerari buruzko datuak jaso eta aztertu ondoren, klase-konferentzia bat antolatu dute ingelesez, osasunari lotutako ondorioak aurkeztuz.

DBH 3ko ikasleek, Fisika eta Kimikako eta Ingeleseko irakasgaiak oinarri hartuta, ikastolako laborategiaren hobekuntzarako proposamenak garatu dituzte. Laborategia urtez urte aldaketa ugariren lekuko izan da, eta ikasleek egungo beharrak aztertu eta elementu berriak proposatu dituzte.

DBH 4ko ikasleek, Lehen Hezkuntzako ikasleekin elkarlanean, Newtonen legeak eta Arquimidesen printzipioak aplikatuz kohete bat diseinatu dute. Ekimen honek, ezagutza zientifikoa sustatzeaz gain, adin desberdinen arteko elkarlana eta interakzioa indartu du.

Gure ikastolan 0-18 urteko ikasleak daude eraikin berean, eta horrek adin ezberdinetako ikasleen arteko lankidetza eta elkarrekintza errazten du. Diziplinarteko proiektu hauek DBHko pedagogiaren oinarria dira, eta ikasleei bizitzako erronkei aurre egiteko beharrezko tresnak eskaintzen dizkiete.

📌 Ikaskuntza praktikoaren eta elkarlanaren indarra erakusten duen esperientzia bikaina izan da!