Kafe Tertulien hausnarketa: 2. atala
2023-05-19
Aurreko asteko lehen atalaren ostean, hona hemen BIHAR prozesuan egindako hausnarketaren bigarren atala:
2. HEZKUNTZAK LANDU BEHARREKO OINARRIZKO BALOREAK
Ikasleen ezaugarrietan oinarritu, beraien arteko parekidetasuna bermatu eta ezberdintasun/aniztasunak aberastasun moduan ulertuko dituen hezkuntza zerbitzu publikoa:
- Ikastolok ikasleen banaketa orekatuaren alde gaude, eta orain arte saiatu garen moduan, gurean ere ikasleak anitzak izatea nahi dugu, gure gizartea den moduan. Bestalde, zerbitzuen ordainketa, familiek egiteko moduak eta irizpideak berdindu ikastetxe guztientzat.
- Administrazioak finantzatutakoa % 70a da eta klaseak emateko sortzen diren kostuak estaltzera bideratzen da (langile gastuak, funtzionamendua, hornidura…); ez ordea inbertsioak, jangela, garraioa, ikasmaterialak, eskolaz kanpoko jarduerak… moduko gastuetara, eta, horregatik, ikastolok gurasoen ekarpenak behar ditugu. Eraikinetako obrak edota birgaitzeak egin behar ditugunean, bestelako soluziobideak bilatu behar izaten ditugu, maileguak, esaterako.
- Ikastolek, Administrazioaren titularitatekoak ez garela argudiatuz, finantziazioaren % 70a jasotzen dute Hezkuntza sailetik. Horrek, familien ekarpenen beharra ekartzen du (ekarpen ekonomikoak) eskaintzen diren zerbitzuak osatzeko. Hori, hainbat familiarentzat muga bat da beraien seme alabentzako hezkuntza proiektuak aukeratzerakoan.
- Gurasoen ekarpenak ere badu beste eginkizun bat: ikastolen arteko elkartasuna bermatzea, hau da, egoera zaurgarrian dauden beste ikastolak laguntzeko aukera gurasoen ekarpenei esker. Elkartasun Kutxa izenez ezagutzen da ekimen hau; izan ere, ikastolen mugimendua izaera nazionala duen herri-proiektua da eta beste lurraldeetako ikastolak laguntzeko bokazioa du (Nafarroako eta Iparraldeko Ikastolak edota Treviñokoa).
- Hurrengo ikasturtean Administrazioaren pean dauden haur.eskolak (0-2 urte) doakoak izango dira, ez ordea Ikastolako haurtzaindegia zein gainerakoak, udal haurtzaindegiak, esaterako. Horrek ere asko kezkatzen gaitu, haurtzaindegia Ikastolarako sarbide ere badelako.
AUKERA:
Hezkuntza Legearen lehen zirriborroko 34. artikuluak irakaskuntzaren doakotasuna arautzen du. Eta, beraz, administrazioaren ekarpenak handitzen joaten badira gutxitzen joango dira gurasoen ekarpenak. Eta horrek, administrazioaren ekarpenak handitzeak, arrazoi ekonomikoetan oinarrituriko banaketak ekidingo lituzke, euskal herrian bizi den herritar orori hezkuntza eskubideak bermatuz.