Kilometroak eta Korrika, euskararen erpinen topagune!

2024-03-18

23. Korrika gaur eguerdian Argantzondik igaro da eta bertako ikastolako kideekin batera korrikan ikusi ditugu Azpeitiko ikastolako DBH 3. mailako ikasleak. 

Kilometro batean zehar elkarrekin eraman dute lekukoa bi ikastolako ikasleek eta Izpitxok ere, Kilometroetako irudia den eguzkiloreak, parte hartu du. Oso present izan dute, gainera, Sehaskako ikastoletatik “Azterketak euskaraz” lelopean bultzatutako aldarrikapena.

Jarraian, Azpeitiko ikastolakoek eguzkilorea oparitu diete Argantzungo ikastolakoei. Korrikan elkarrekin parte hartzeaz gain, musikak girotuta, taldeko jolasetan aritzeko aukera ere izan dute. Amaitzeko, herriko plazan pintxoak eta edaria partekatu dituzte.

Azpeitiko ikastolako ikasleek, gainera, Argantzonera joan aurretik, hango ikastolaren inguruko lanketa egin dute ikasgelan, hala nola, Arabaren ezaugarri soziolinguistikoak, Arabako kuadrillak zer diren, ikastolen mugimenduaren indarguneak probintzian…