Kilometroak: Lerinetik Iratxera, Nafarroako lautadari agur esanez!
2024-05-12Tutera-Azpeitia Lagun Onak Azpeitiko mendizale elkarteak antolatutako laugarren etapa egin
da larunbata honetan.
Tutera-Azpeitia Lagun Onak Azpeitiko mendizale elkarteak antolatutako laugarren etapa egin
da larunbata honetan.
Udaberriak Nafarroako lautadan eskaintzen duen edertasunaz gozatzeko aukera izan dute ibilaldian parte hartu duten mendizaleek. Zeru urdi-urdin bizia goian, eta behean, gari, garagar eta labore edo olibondoen berdea, amapola gorriek eta landare basatiek koloreztatua.
Aldapa gabeko ibilaldi eder eta luzean Allo, Deikaztelu eta Arellano herriak zeharkatu dituzte. Ariztien eremu zabala izan zela dioten azken herri honetan bazkaldu, eta ekin diote aldapan gora, 1045 metro dituen Jurramendiren gailurrera iritsiz. 1976ko maiatzen karlisten aurka gertatutako hilketen kontakizunak etorri dira zenbaiten gogora, eta historia txiki hura lagun artera berritzeko aukera ere izan da.
Gailurraren ondoren eta ibilean zortzi ordu igarota iritsi dira Jurramendi magalean eraikia dagoen Iratxe Monastegira. Amaieraren gozoa bizitu da Errigorako produktuen zozketa eginez, eta halaxe amaitu da Tutera-Azpeitiaren laugarren etapa.
Nafarroako lautada eta Erriberako eremu ederra igarota, hurrengo etapan kantauriko mendizerrarantz gerturatuko dira mendizaleak. Iratxen hasi eta Lizarraga gaina bitarteko bi etapa egingo dira ekainaren 22 eta 23ko asteburuan.