Kilometroen eguna, bizipen zoragarria
2024-10-07Kilometroen eguna eta urtea amaituta, esan dezakegu ezarritako helburuak bete direla. Eta orain, urte osoan lantzen aritu garen eta geure egin ditugun ardatzak lantzen jarraitzea dagokigu: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Mila esker egun hau bizipen ahaztezina bilakatzen lanean jardun zenuten boluntario guztiei.
Zoragarria izan zen egun handian hainbesteko boluntario taldea lanean ikustea. Urte osoan aritu gara lanean, eta ikusi dugu gure komunitatea nola joan den hazten-hazten, egunez egun. Ustekabean hartu genuen Kilometroak antolatzeko enkargua. Pozik hartu genuen, baina baita bertigo pixka batekin ere.
Kilometroen egunak eman duena ikusita, argi eta garbi esan dezakegu merezi izan duela urte guztian zehar egindako bideak.
Kilometroak jaia antolatzeko enkargua iritsi zitzaigunean, onartzea erabaki genuen. Orduantxe, erabaki beharra geneukan urte osoko ardatzak eta eginkizun nagusiak zein izango ziren, eta hala, kafe tertulia bat antolatu genuen Ikastolan, urte osoan landuko genituen ardatzak zein izango ziren erabakitzeko. Urte osoan hitzetik hortzera erabili ditugun hiru ardatzak zehaztu genituen orduan: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza.
Asko hitz egin zen, horrez gainera, ardatzetan zehaztu ez zen beste kontu bati buruz: komunitatea indartzeaz. 30 bat lagun elkartuko ginen, orduan, kafe tertulia hartan. Ordutik gaur artean, boluntarioak batuz eta batuz joan dira, gaurko jai handirako mila lagun baino gehiagoko boluntario taldea erdietsi arte.
Izan ere, tertuliaren ondoren lan batzordeak sortu ziren, haietatik azpi-batzordeak, eta berriz, haietatik lan taldeak… Hala, pixkanaka-pixkanaka esnatu da gure komunitatea. Hostoz hosto, denak desberdin eta denak beharrezko. Denok gara gu elkarri esanez. Gaur, eguzkilorearen kolore guztiak puri-purian agerian dir-dirka utzi ditugu.
Urduritasuna eta poza bizi izan ditugu azken egunotan, halako jai bat antolatzea ez baita txantxa. Bidean arazoak ere sortu zaizkigu, nola ez; baina, haiek guztiak gainditzeko komunitate indartsua eta aberatsa daukagula ikusteko balio izan digute. Oso pozik gaude elkarrekin lortu dugunarekin.
Kilometroen egunak utzi zizkigun datu batzuek:
- Jende ugari etorri zen. Bereziki, familiak, baina baita gazteak ere.
- Bidaiatzeko zerbitzu publikoa erruz erabili zen. Etengabe ibili dira joan-etorrian autobus publikoak.
- Giro jator eta lasaia izan zen nagusi. Eskatzen genuen bezala, askatasunez eta errespetuz gozatu dute Azpeitira etorritako partaideek.
- Euskara arin eta bizi entzun zen. Hori nahiko ohikoa da gure herrian, baina poz handia ematen digu hainbat euskalki bertan entzuteak: lapurtera, bizkaiera, goierriko edota tolosaldeko hizkera, nafarra eta beste asko…
- Janari gehiena amaitu zen.
- Bazkariko jangela beteta egon zen irekita zegoen denbora osoan, eta pozik atera zen jendea.
- Inguruak garbi mantentzea lortu genuen.
- Oro har, ez zen intzidentziarik izan.
- Puntu moreetan ere ez zen intzidentziarik jaso. Bereziki zaintzen saiatu gara arlo hau, horregatik, egun osoan puntu moreak izan dira hiru gune nagusietan, eta megafoniatik behin eta berriz entzun zen erasorik ez dugula onartuko zioen mezua.
- Pase azkarrak harrera ona izan zuen. Erabiltzaileek eskertu dute aukera hau.
- Adin ezberdinetako jendeak baliatu zituen gune lasaiak eta arduradunek balorazio oso positiboa egin dute toki horietako giroari buruz.
- Helburu nagusia bete zen. Txikira egindako jaiari ezarri genizkion ezaugarriak bete dira.
Aurrera begira
Eta orain, urte osoan lantzen aritu garen eta geure egin ditugun ardatzak lantzen jarraitzea dagokigu. Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Ikastolen elkarteak eta Azpeitiko Ikastolak ez zituen ezezagunak ardatz horiek, baina gaurko garaira eta oraingo mundura egokitu beharrean gaude. Azpeitia eta gure eskualdea ere aldatzen ari dira, Euskal Herri osoa bezala. Globalizazioak, pantailen eraginak, eta mundu zitalak behartutako migrazio zein ezberdintasunek aldatu egin dute egoera.
Erronka handia da, baina baditugu erronka horren aurrean gure balioak garatzeko baliabideak. Aniztasuna nagusi, errespetua oinarri eta euskara zubi. Horixe da gure bidea, eta horretan lanean segituko dugu bihartik aurrera.
Igor Aranbarri Artezkaritza Kontseiluko kideak haserako ekitaldian esan zuen moduan: “Aurtengo Kilometroen urtean abiatu dugun bidean jarraitzea da gure desioa. Eguzkiloreak argi egiten jarrai dezan nahi dugu. Aurrerantzean ere gure ardatzek —euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza— etenik gabeko mugimenduan jarrai dezaten. Eta horretarako, ikasturte guztian zehar erein dugun hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea da gure hurrengo erronka”.