Kilometroen eguneko egitarauaren aurkezpena

2024-09-26

Dena prest dago urriaren 6an ospatuko dugu Kilometroak jairako. 1.000 boluntario inguruko taldea osatu dugu guztion artean (bejondeigula!), eta antolatuta daude xehetasun txikienak ere.

Egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dugu gaur, eta han jakinarazi dugu datorren igandean Pirritx, Porrotx eta Marimototx omenduko ditugula. Izan ere, pailazoen ekinak bete-betean bat egiten du aurten lantzea erabaki dugun hiru ardatzekin /euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza—. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan egin duten lan guztiagatik, baina baita hemendik aurrera egingo duten guztiagatik ere. Gurekin izango dira sudur-gorriak eta oso pozik gaude.

Urriaren 6an, 4 gune izango ditugu, adin guztientzako ekintzak eta ikuskizunekin. Goizean goizetik hasita, gazteentzat Erronka probak izango dira ibilbide osoan zehar, txikienentzat izpiz izpiz jolasak, puzgarriak, tailerrak… Loiolan eta Ikastolako guneetan. Kale antzerkia, magia, karaokea, yoga, kapoeira… ikusi eta parte hartzeko aukera izango da eta baita hainbat musika taldek eskainiko diguten musikaz gozatzeko ere. Jatekoa eta edatekoa ez da faltako.

Kilometroen urtearen inguruko balorazioa egiteko ere baliatu dugu agerraldia. Izan ere, oparoa izan da eguzk-ilorea oinarri hartuta, hiru ardatzetan —euskara, kulturartekotasuna-anizitasuna eta herrigintza— oinarrituta egin dugun urtea. Ekimen xumeak baina arrastoa utziko zutenak egitea lehenetsi genuen, eta gustura gaude Kultur Izpiak deiturapean egindako ekitaldiek utzi dutenarekin.

Auzolan handiaren urtea eta harremanen urtea izango zela iragarri genuen, eta halaxe izan da. Datorren igandeko egun handiaren aurretik ere ikastolaren komunitateak txalotzeko jarrera erakutsi du auzolanari dagokionean, eta egin dugun harreman sarea ere ez da nolanahikoa izan: udala bera eta eragile askotarikoak. Lagun Onak mendi elkartea, Kulturaz kooperatiba, Azpeitiko argazkilari elkartea, Erniarraitz Bertso eskola, Eskapaie elektrotxaranga, Atzegi, Marea Urdina, Zaparraie euskara elkartea, UEMA, Errigora eta Agerraldia, Tuterako Argia Ikastola, Lizarra Ikastola eta Garena elkartea, Etxarriko ikastola, Beskoitzekoa, Argantzungoa, Baionakoa, Zangozakoa, Oiongoa, Getxokoa, eta beste hainbat.

Prentsaurrekoan hainbat ohar eman ditugu. Hemen dituzue:

  • Kilometrotako hezkidetza lan taldeak, herriko Emakume Txokoarekin eta Udaleko parekidetasun teknikariarekin elkarlanean, eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu dugu. Jaiak gune seguruak izan behar dute eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune. Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi dugu. Hau bermatzeko eta kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da.

Kilometroetan ez da inolako eraso matxista LGTBIfobiko edota arrazistarik onartuko. Denona da festa eta denona da ardura. Aske eta errespetuz gozatzera gonbidatzen zaituztegu bertaratuko zareten guztiak.

  • Aniztasun funtzionala dutenentzako bereziki prestatu ditugu kilometro hauek. Atzegi eta Marea urdinarekin elkarlanean, Pase Azkarrak aterako ditugu beharra duten pertsonentzat. Pase hauek, Tiketera eta sarrera guztietan eskura ditzakete familiek. Pasea duten haur edo pertsonak lehentasuna izango dute Kilometroak 24an antolatuko diren ekintzetan eta baita ilarak sortzen diren eremuetan ere.

Horrez gain, bi gunetan — 3.gunean, ikastolan eta 1.go gunean plazan—, Gune lasaiak egongo dira beharra duten familiak lasai egoteko.

  • Azpeitia arnasgunea da euskararentzat, eta Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzako arnasgune izatea nahi genuke. Euskara erabili eta euskaraz gozatzeko aukera paregabea izango du bertara doan guztiak. Beraz, erabili erruz euskara ibilbidean, kontzertuetan, txosnetan, lagun artean eta ahal duzuen guztietan.
  • Jangela ikastolan egongo da 13:00etatik 16:00etara. Paella eta haragi-bolekin osatutako menua egongo da haurrentzat eta helduentzat. Begetarianoentzat eta zeliakoentzat aukera ere eskainiko da: entsalada eta paella begetalarekin. 20 euro ordaindu beharko da helduen menua, eta 10 umeena. Urriaren 4ra arte txartelak online erosteko aukera dago Kilometroan webgunean, eta egunean bertan tiket-postuetan egongo dira.

  • Egunean bertan garraio publikoan etortzeko deia egiten dugu, baina autoentzat ere prestatuta gaude. Zazpi aparkaleku prestatu ditugu, eta boluntario talde handia antolatu dugu, ibilgailuei iritsi ahala non aparkatu argibideak emateko. Jarraitu haien jarraibideak, mesedez.

Bestetik, bezperatik etorri eta ibilgailuan lo egiteko plana egiten dutenentzat, prest egongo da autokarabanentzako gunea.

  • Ikastolako Xarma parkean Antxieta Arkeologia taldeak eta Bihotz Urdinak elkarlanean antolatu duten ekimenerako aurrez izena eman behar da Kilometroak.eus webgunean. LH3tik LH6ra arteko umeei zuzenduta dago ekimen hori, eta aurpegi pintaketa, bitxigintza, arkeologiari buruzko azalpenak eta “indusketa” saioa egingo dituzte, altxorraren bila gisara. Hiru txanda izango dira goizean eta bi arratsaldean. Aurrez ez badira txandak betetzen, egunean bertan izena emateko aukera egongo da.
  • Herria zaindu dezagun eskatzen dugu. Gure ingurune publiko eta pribatuak ahalik eta garbien jarrai dezaten Kilometroen egunaren ondoren ere. Natura guneak eta hiri-guneak. Guztiak errespetatu eta zaindu.

Mundial pasatuko dugu!