Kilometroen urteari amaiera ospakizunez emanez

2024-10-16

Kilometroen urte oparoa amaierara iritsi da, eta une berezia bizitzeko prest gaude. Datorren larunbatean, urriaren 19an, azken ekitaldia egingo da Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean. Azpeitiako Ikastolak antolatuta, Tutera-Azpeitia ibilbidearen azken etapa ospatuko da.

Ekitaldi xume honek Kilometroei amaiera polit bat emateko asmoa du, eta ikastola komunitate osoa bertara gonbidatuta dago. Ikasle, irakasle, guraso eta lagun guztien artean urte osoan zehar egin dugun lanari azken ukitua emateko aukera paregabea izango da.

Kilometroen urteko bidea elkarrekin amaitu eta une bereziak partekatuko ditugu, komunitate gisa dugun indarra eta elkartasuna ospatuz. Guztiok zaudete gonbidatuta parte hartzera eta elkarrekin urte honi amaiera bikaina ematera. Zatoz eta eman diezaiogun elkarrekin azken izpia urte oparo honi!

Gainera, Nora Alberdik ekoiztutako Kilometroen egunaren laburpen bideoa ere ikusgai duzue jada YouTuben, esteka bidez. Gogoratu ikusteaz!

Hurrengo hilabeteetan, halaber, Kilometroen egunean bizitako giroa islatzen duten argazki galeriak gehituko dira ikastolako webgunean. Ez galdu aukera, eta gure komunitatearen une bereziak berriz bizitzeko aukera izango duzue!

Urriak 19ko egitaraua:

15:30ean Ikastolan elkartuko gara.

LEHEN ZATIA

Tutera Azpeitia mendi martxa bukatu duten mendizaleei harrera. Trikitilariekin gerturatuko gara Loiolara eta pasakailean etorriko gara Ikastolara.

Tutera Azpeitian egindako ibilbidea deskribatuko dugu eta esker hitzak Lagun Onak mendi bazkunari 9 hilabete hauetan izan dugun elkarlanagatik. Ondoren, Lagun Onak MB partaideei oparia emango diegu, Errigorako produktu preziatua hain zuzen ere, mahatsaren zuku gorena, Euskal ardoa.

Oparia jasotzen dutenean “Ikusi mendizaleak” abestuko diegu. Jarraian, taldeko argazkia aterako da.

BIGARREN ZATIA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oparitutako zuhaitza landatuko dugu Izarraitz atean. Pago hau beste pagoen ondoan landatuko dugu.

Azken kultur izpien kimua dugu berau eta landatu ondoren, eskerrak emango dizkiegu kultur izpi guztietan bidelagun izan ditugunei. Jarraian, aipamena egingo zaio urtean zehar burututako kultur izpiei: Iñauteriak, Zurak eta Ezpalak, Korrika, Ikasle topaketak, Aniztasun izpiak-KMK txikia, bertso saioa, Eguzki Izpiak argazki lehiaketa eta Tutera Azpeitia martxa.

Zati honekin amaitzeko,  Izpiz izpi abestia dantzatuko dugu denon artean.

HIRUGARREN ZATIA

KMK24 edizioaren lehen balorazioa partekatuko da han daudenen artean eta eskerrak emateko aprobetxatu lantaldeetan (komunikazioa, ekonomia, erronka, muntaia, jasangarritasunea, protokoloa, osasuna, trafikoa, segurtasuna, ikuskizunak, inklusioa, Hezkidetza, Giza baliabideak eta gastronomia) lanean jardun duzuen guztioi.

Zuek gabe ez litzateke posible izango egin eta partekatu dugun ibilibidea!