Korrika: Ordu txikiak, harrotasun handia!
2024-03-20Ikastolako txiki zein handiek, denek, parte hartze sutsua izan dute 23. Korrikan.
Harro Herri izan da 23. Korrikaren leloa eta, beste behin, euskaraz bizitzeak sortzen duen harrotasunaren erakusgarri izan da Azpeitia. Euskaraz eta euskararen alde.
Ikastolako komunitatea osatzen duten guztiek, bere parte hartze sutsuarekin, euskararekiko konpromiso irmoa erakutsi dute, gainera. Kilometroen urtean, euskara egitasmoaren ardatzetariko bat da, eta Korrikaren arrakastak Ikastolok euskararen bultzadan dugun paper protagonista agerian utzi du berriro.
Ikastolan, HHko ikasleek Korrika Txikia ospatzen zuten bitartean, kalean, LHko ikasleak genituen euskararen alde korrika egiten. LH 4 eta LH 1. mailakoek, gainera, testigua eramateko harrotasuna izan zuten. A ze poza eta emozioa beraien aurpegietan, a ze indarra hanketan!
Hurrengo eguneko egunsentian ikastolako DBH eta Batxilergoko ikasleen, langileen eta familien txanda izan zen. Kilometroen irudia den Izpitxoren laguntza izan dute, gainera, ibilbide osoan.
Esperientzia ahaztezin bezain hunkigarria izan zen denentzat. Egun berezia, baina kontuan izan: euskarak urte osoan behar du gure babesa!