Lurra zainduz, helmugara heldu: gure ikastola garaile

2025-12-17

Gure ikastolako DBH 2. mailako ikasleak, “Oinak Lurrean” online jardunaldiaren irabazle.

Lurzoru osasungarriak hiri osasungarrientzat” izan da Ekoetxe sareak antolatutako “Oinak Lurrean” online jardunaldiaren 3. edizioaren aurtengo leloa. Edizio honen helburua gure planetaren biziraupenak lurzoruarekin duen lotura estu eta ederraren inguruan hausnartzea izan da.

Jardunaldian parte hartu duten ikasleek bost misio bete behar izan dituzte, besteak beste lurpeko habitatak ezagutzea eta lurzoruaren garrantzia bizi-iturri gisa ulertzea. Misio bakoitza EAEko curriculumeko oinarrizko jakintzetan eta funtsezko konpetentzietan oinarrituta diseinatu da, bereziki Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, eta Balio Zibiko eta Etikoen Hezkuntza arloetan.

Ekimen honen bidez, jasangarritasuna, osasuna eta herritartasun ekologikoa sustatu dira, ikasleen artean ingurumenarekiko kontzientzia eta konpromisoa indartuz.

EAEko ikastetxeen artean ospatu den lehiaketan, gure ikastolako DBH 2. mailako ikasleak izan dira irabazleak, ikasleek egindako lan bikainari esker. Sari gisa, itsas irteera bat egingo dute, non zetazeoak eta hegazti itsastarrak behatzeko aukera izango duten, ikaskuntza esperientzia aberasgarri eta ahaztezina biziz.

Zorionak ikasleei egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik!