Lurzoruaren Munduko Eguna ospatzen

2024-12-09

Pasa den ostegunean, abenduaren 5ean, gure ikastolako DBH 2. mailako ikasleek modu berezi batean ospatu zuten Lurzoruaren Munduko Eguna.

Ekoetxea Ingurumen Zentroen Sareak antolatutako erronka birtualean parte hartu zuten, Euskadiko beste ikastetxe batzuetako taldeekin batera. Jarduera honen helburua ikasleen artean ingurumenarekiko kontzientziazioa eta lurzoruen garrantziaz jabetzea izan zen.

Aurten, erronkaren leloa “Lurzoruak zaindu: neurtu, monitorizatu, kudeatu” izan da, eta ekintza honek lurzoruen osasunaren zaintza eta erabilera jasangarriaren inguruko hausnarketa sustatu nahi izan du. Lehen edizioaren arrakasta ikusita – 1.300 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten aldi berean –, bigarren edizio honetan ere parte-hartzea oso positiboa izan da.

Ikasleek jardueretan zehar hainbat proba eta erronka gainditu behar izan zituzten, horietako batzuk talde-lanean egin beharrekoak. Esperientzia aberasgarria izan zen, ez bakarrik ingurumenaren inguruko ezagutzak zabaltzeko, baita talde-lana, sormena eta arazoak konpontzeko gaitasunak lantzeko ere.

Gure ikasleen lan bikainari esker, ekintza hau arrakastatsua izan da. Ingurumenarekiko konpromisoarekin jarraitzen dugu, gure planeta zaintzeko bidean urrats garrantzitsuak emanez.