Martxan dira ikastolaren gune berriak

2021-09-23

Gure ikastolan azken urteetan daramagun bideari jarraituz, aurtengo udan ere espazioen egokitzapenetan aurrera pausu polita egin dugu. Oraingoan, ganbarako gunea da gelak jartzeko moldatu dena, psikomotrizitate eta teknologia gelak hain zuzen ere. Aireztapen sistema berria, pareten margoketa, lurraren txukunketa, etab., auzolanak aurten ere fruitu polita eman du. Aste honetan hasi dira ikasleak bi gelak erabiltzen eta ezin hobea izan da hasierako sentipena.

Bestetik, LHko gelak ere ari dira beraien behin betiko itxura hartzen. LH4, LH5 eta LH6ko gelak bereizteko erabiliko diren ateak jada kokatu dira. Itxita daudenean gelaka lan egiteko aukera ematen dute eta irekitzean maila edo etapaka jarduteko gai izango dira ikasleak.

Bagoaz beraz gure proiektu pedagogikoak batetik eta ikasle kopuruaren gehitzeak bestetik dakartzan beharrei erantzuteko egokitzapenetan aurrera, gutxika-gutxika.