Memoriaren haritik, bizitzaren oihala josten
2025-09-23
Batxilergoko 1. mailako ikasleek “1975. Dena jokoan zegoen urtea” erakusketa bisitatu dute, memoria historikoa lantzeko aukera baliatuz.

Azken egunotan, Batxilergoko 1. mailako ikasleek “1975. Dena jokoan zegoen urtea” izeneko erakusketa ibiltaria bisitatzeko aukera izan dute. Ekimen hau Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek jarri dute martxan, Angel Otaegi eta Juan Paredes “Txiki” ETAko militanteen fusilamenduaren 50. urteurrena dela eta. Otaegi azpeitiarra zenez, erakusketa bere jaioterrian aurkeztu da lehenik.
Erakusketa honek Frankismoaren amaierako azken hilketen testuinguruan kokatzen gaitu, eta garai hartako egoera politiko eta sozialari buruzko gogoeta egiteko aukera eman die ikasleei. Kulturaz kooperatibak egindako lana oinarri hartuta, ikus-entzunezko artistiko bat ere eskaini dute: ez da soilik Txiki eta Otaegiren bizitzaren kontakizuna, baizik eta haien begietatik gaur egungo Euskal Herriari egindako errepasoa, irudien eta sormenaren bidez.
Ikasleek memoria historikoa lantzeko aukera izan dute, eta aldi berean, kritika gaitasuna, enpatia eta historiaren testuinguruan kokatzeko trebetasuna garatzeko parada. Halako jarduerek gure ikasleen heziketa osotasunez lantzen laguntzen dute, iraganetik ikasi eta etorkizunerako gogoeta egiteko tresnak eskainiz.