Murgiltzen jarraitzeko garaia: euskaratik, etorkizunera
2026-09-30
Euskal Herriko Ikastolek argitu dute PISAren datuek garbi erakusten dutela euskara ez dela irakurmenean 2022tik 2025era izandako jaitsieraren erantzulea.
Euskal Herriko Ikastolek argitu dute PISAren datuek garbi erakusten dutela euskara ez dela irakurmenean 2022tik 2025era izandako jaitsieraren erantzulea. Izan ere, Hegoaldean azterketa euskaraz egin dutenen artean, maila berean apaldu dira emaitzak ama hizkuntza dena delakoa izanda ere; alegia, gaztelania edo beste hizkuntza bat dutenen (41 puntu) eta etxeko hizkuntza nagusia euskara dutenen artean (41 puntu).
Ezinegon handia sortu du azken PISA txostenak mundu mailan, eta bereziki, Hego Euskal Herrian izandako emaitzen beherakadak. “Ikastolok arduraz eta tentuz jaso ditugu emaitzak” aitortu dute Euskal Herriko Ikastolek gaur goizean partekatu duten irakurketan, oraindik Ikastolen datu zehatzak jaso ez dituzten arren. Egoeraren jakitun direla gehitu dute: “Ikasgeletan antzematen genituen zenbait joera azaleratu ditu eta hilabeteak daramatzagu joera horiei erantzuteko estrategiak lantzen”.
PISAk, hezkuntzatik ez ezik, gizarte eta herri gisa erantzun beharreko erronka ugari azaleratu dituela nabarmendu du hezkuntza-sareak. Lehenik eta behin, argitu du Iparraldeko datu bereizirik ez izateak, ezinezko egiten duela herri gisako irakurketa osorik egin ahal izatea, tokian tokiko hezkuntza errealitatea aintzat hartuta: “Gure herriaren premia eta erronken neurrira egokitutako adierazle sistema propioen beharra azaleratzen du”.
Era berean, salatu du azken egunetan egin diren zenbait irakurketen atzean “euskalduntzen duen hezkuntza ezbaian jartzeko saiakera” dagoela eta, horri lotuta, argitu du, OCDE-ren datu estatistikoen arabera, 2022tik 2025era, Hegoaldean azterketa euskaraz egin dutenen artean, maila berean apaldu direla irakurmeneko emaitzak, ama-hizkuntza gaztelania edo beste hizkuntza bat dutenen (41 puntu) eta etxeko hizkuntza nagusia euskara dutenen artean (41 puntu). “Datuek garbi erakusten dute murgiltze eredua ez dagoela lotuta emaitzen bilakaerarekin”. Baieztapen hori berresten du datuen historikoak. Izan ere, D eredua gehien zabaldu zen epealdian, 2000tik 2012ra, (%40tik %70era) PISAko emaitzek hobera egin zuten EAEn, bederen.
“Herri gisa kohesionatzen gaituen murgiltze eredua ezin dugu zalantzan jarri, kontrara, berau indartzeko unea da”. Hezkuntza formala, ez-formala eta informala, hiru ardatzetan eragingo duen murgiltze eredu integralago batera jauzi egiteko beharra mahaigaineratu dute Ikastolek eta “atzera egin nahi dutenen aurrean, herri gisa aurrera urrats irmoak” egitera deitu ditu, hezkuntza komunitate osoa, herrigintzako eragileak eta erakunde publikoak: “Denoi dagokigu murgiltze ereduaren aurrerabidea blindatzea, euskara ezinbestekoa delako herri zein gizarte kohesioa bermatzeko”. Aldi berean, azken egunetako zenbait adierazpenei erantzunez, gogorarazi dute ama-hizkuntzaren inguruan hitz egiterakoan, kontuan izan behar dela Euskal Herrian 100 ama-hizkuntza baino gehiago daudela.
Azkenik, Euskal Herriko Ikastolek iragarri dute digitalizazio estrategia birdefinitu dutela eta urrian aurkeztuko dutela Ikastolen Marko Teknopedagogiko Berria. Urteetako esperientzietatik ateratako ondorioak eta egungo ebidentzia zientifikoak oinarri, eta arlo akademikoaren nahiz irakasleen parte-hartzearekin ondu dute Konpetentzia Digitalak gelaratzeko proposamen mailakatua. Aurreratu dute estrategia berriak erdigunean jartzen duela ikaslearen ahalduntze digitala: “Gure egitekoa delako ikaslea heztea, ondoren gizartean jakin dezan, noiz, zer, zergatik eta zertarako erabili behar dituen gailu digitalak”.