Ni, zu bezala: bihotzak hurbilduz
2025-10-16
Ni, Zu Bezala programan parte hartuz, ikasleek adimen desgaitasunaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dute.


Aste hauetan, LH 6. mailako eta DBH 1. mailako ikasleek NiZU= (Ni zu bezala) sentsibilizazio programan parte hartu dute, Lander Uria ikastolako langile denaren eskutik. Ekimen hau Atzegi eta Gureak elkarteen eskutik dator, eta helburua da adimen desgaitasuna duten pertsonen eguneroko errealitatea ikasleei hurbiltzea eta ulertaraztea.
Saioetan zehar, ikasleek desgaitasuna duten pertsonen zaletasunak, ohiturak eta gaitasunak ezagutzeko aukera izan dute. Esperientzia aberasgarria izan da, ikasleen artean elkartasuna, enpatia eta begirune soziala sustatzeko.
Programaren hurrengo urratsean, ikasleek Gureak zentroa bisitatuko dute, bertako errealitatea lehen eskutik ezagutzeko. Horrela, teoriatik praktikara igaroko dira, eta ikasitakoa bizipen errealean aplikatzeko parada izango dute.
Ni, zu bezala programak dagoeneko 8.000 haur baino gehiago hartu ditu parte-hartzaile gisa, eta gure ikastolako ikasleek ere esperientzia horren parte izateko aukera izan dute.
Gure hezkuntza proiektuaren helburu nagusietako bat da ikasle eraldatzaileak heztea: inguruko errealitatearekin konprometituak, pertsona kritikoak eta sozialki arduratsuak.
Eskerrik asko Lander Uriari eta Atzegi zein Gureak elkarteei, ikasleen heziketan hain ekarpen baliotsua egiteagatik!