Odolaren hari gorria, bihotzak lotuz
2025-05-13
Azken asteotan, ikastolak elkarlanean jardun du Azpeitiko Odol-Emaileen Elkartearekin, elkartasunaren eta herrigintzaren bidean beste pauso bat emanez.



Ekimen honek bi ardatz izan ditu: hezkuntza eta parte-hartze aktiboa.
Lehenik eta behin, Larraitz Gurrutxagak, elkarteko ordezkariak, formakuntza saio bat eskaini zien LH6ko ikasleei. Saio horretan, odolaren ezaugarriak, odol motak eta haren funtzioak landu zituzten, eta aldi berean, odol-ematearen garrantziaz jabetzeko aukera izan zuten. Horrela, ikasleek bizitzaren benetako “taupadak” ezagutzeko urrats garrantzitsua eman zuten.
Formakuntzaren ostean, odol-emate kanpaina bat antolatu zen ikastolan bertan, eta ikastolako komunitate osoari parte hartzera gonbidatu zitzaion. Erantzuna ezin hobea izan da: hainbat lagun hurbildu ziren odola ematera, elkartasuna eta konpromisoa agertuz.
Ekimen hau ikastolaren balioekin bat dator guztiz, izan ere, herriko eragileekin harremanetan eta elkarlanean jardutea funtsezkoa da gure ikasleen hezkuntza integralerako. Horrelako ekintzen bidez, herri solidario eta kohesionatu baten aldeko bidea egiten jarraitzen dugu.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Zuen taupadek bizitza ematen dute!