‘OZTOPOEN GAINETIK EUSKARAZ BIZIKO GARA' manifestazioa

2015-02-27

 Kontseiluak deituta, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa egingo da otsailaren 28an, larunbatez, Donostian. Manifestazioa arratsaldeko 17:30ean abiatuko da Gipuzkoa plazatik.

Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko hartzen diren erabakien zein neurrien kontrako erasoaldi gero eta bortitzagoa pairatzen ari gara, hain zuzen ere, gure nahia, gure etorkizuna, haien esku dagoela gogorarazi nahi digute, oztopoen zein ukazioaren bidez, edota euskarari berari balioa kenduz.

Halere, egoera hori irauli egin behar da. Honez gero, hainbat udalek oztopoei aurre egin eta haien jardunari eusteko determinazioa erakutsi dute. Determinazio hori txalotu eta babestu behar dugu, euskaraz bizi nahi duten herritarrak alboan behar dituzte, eta urratsa eman ez dutenei ere dei egin behar diegu gure nahia errealitate bihurtzeko urrats berriak eman ditzaten.