Sormenaren haizeak hondarrean idatzitako mezuak

2025-10-20

Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek aukera paregabea izan zuten Andoni Bastarrikaren Lur eta hare biziak erakusketa ezagutzeko. Hondarrez eta elementu naturalekin egindako animalia ikusgarriek txundituta utzi zituzten gaztetxoak.

Erakusketa honetan, ikasleek otso handi bat, tigre bat eta krokodrilo erraldoi bat ikusi ahal izan zituzten, guztiak hondarrez landuak eta buztina, ikatza eta hondar txuria bezalako material naturalekin margotuak. Halaber, buztinarekin egindako beste hainbat animalia ere bazeuden ikusgai, egilearen sormenaren adibide bikain gisa.

Bastarrikak, bere lanen bidez, mezu argia helarazi zien haurrei: naturarekiko begirunea eta zaintza ezinbestekoak dira. Bere hitzetan, “sormena eta ingurumenarekiko errespetua eskutik joan daitezke”, eta hori izan da ikasleei transmititu nahi izan dien mezua.

Esperientzia honek, arteaz gozatzeaz gain, ikasleen artean ingurumenarekiko kontzientzia sustatu zuen, eta horrelako ekintzek naturaren zaintzaren garrantziaz hausnartzeko aukera ematen dute.