Sormenaren ispiluak eta kantuaren islak

2025-06-12

Ikasturte amaiera iritsi da, eta horrekin batera DBH 2. eta 3. mailako ikasleek kultura eta sormenaren arloan buru-belarri murgiltzeko aukera izan dute hainbat ekimen interesgarriren bidez.

DBH 2. mailako ikasleek, taldeka arituta, erakusleiho original eta sortzaileak diseinatu dituzte, eta ondoren Azpeitiko kaleetan zehar horiek ikustera abiatu ziren. Talde lana oinarri izan duen jarduera honek elkarlana eta taldeko espiritua sustatu ditu. Egun bereziari amaiera borobila emateko, ikasleek taldeko argazki ahaztezina atera zuten, bizi izandako esperientzia oroitzeko.

Bestalde, DBH 3. mailako ikasleek “Katuen Kontuak” egitasmo berezian parte hartu dute. Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga musikagileak gidatzen duten proiektu honek berbak eta kantuak oinarri hartuta kultura eta sormenaren transmisioa du helburu. Musika lagun hartuta, ikasleek euskal literatura eta kulturaren inguruko esperientzia kolektibo bat bizi izan dute, hausnarketa kritikoa eta galdera pizgarriak oinarri hartuta.

Egitasmo honek euskarazko literatura eta musika uztartzen ditu, baina, horrez gain, etika, filosofia eta historia bezalako arloak ere lantzen dira, ikuspegi zabal eta integratzaile batetik. Kantuek proposatzen dituzten gaien inguruan eztabaida eta gogoeta bultzatzen dira, erantzunak eman baino gehiago galderak airean utziz eta ikasleen parte-hartze aktiboa sustatuz.

Ikasleek, beraz, azken aste hauetan aukera paregabea izan dute sormena, kultura eta pentsamendu kritikoa lantzeko, modu aberasgarri eta dinamiko batean.